Aldagela eta zerbitzu osagarrietarako estruktura modular berria jarriko da Azkoagainen

2020/07/14
Card image cap
Lanak kontratatzeko lizitazioa abian dago

  Estruktura modular berria hil akaberan eraitsi asmo den aldagela zaharren eraikinaren eremuan kokatuko da. Estruktura modularrak 130 eta 134 metro karratu bitarteko azalera erabilgarria izango du eta bi solairutan egokituko da. Estruktura berriak hainbat espazio izango ditu: kirol taldeentzat bi aldagela, epailearentzat aldagela bat, biltegia, garbitokia, erabiltzaileentzako komunak, bulegoa, bilera gela, masaje gela eta fisioterapia gela.

  Azkoagain futbol zelaian aldagela eta zerbitzu osagarrietarako egitura modular aurrefabrikatua hornitu eta instalatzeko lanen lizitazioaren aurrekontua, BEZa barne, 90.000 eurotan finkatu du Udalak. Baina horrelakoetan ohi denez, gehienezko kopuru hori merkatu daiteke, kontratua esleitzeko irizpide nagusia eskaintza ekonomikoa izango baita. Ezaugarri teknikoak eta burutu beharreko lanen deskribapena ere baloratu egingo dira.

  Lanak 30 eguneko epean egin beharko dira, beti ere, aldagela zaharren eraikina eraitsi ondoren, eta futbol denboraldi berria hasi baino lehen. Azkoagain futbol zelaian aldagela eta zerbitzu osagarrietarako egitura modular aurrefabrikatua hornitu eta instalatzeko esleipenera proposamenak aurkezteko epea zabalik dago, uztailaren 27ra arte.

  Azkoagain futbol zelaiko aldagela zaharren eraikina hil amaieran bota asmo da. Lurkide hondalanak enpresak egingo ditu lanak eta eraikina eraitsi ez ezik, ingurua garbitu eta hormigoizko zapata eta zolarria egingo du, jarraian, estruktura modular berria kokatu ahal izateko.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!