Azken ordutako euriteen ondorioz, bidegorria itxita dago Madalenako tunel parean.

2015/02/26
Zubillaga eta San Prudentzio arteko errepidean berriz, lur jausia izan da.

  Prebisioek diote euria botatzen jarraituko duela. Alerta laranjan gaude eta egoera eguerdiko 12ak arte iraungo du. Hortik aurrera badirudi euriak atertzera egingo duela nahiz eta gauerako fronte berria espero den.

  Eta bitartean, denok errekei eta mendiei begira gaude. Errekak hazita datoz, baina oraingoz bere bidetik doaz eta mendietan behera ura nonahitik dator. Ondorioz, atzo goizean, Zubillaga eta San Prudentzio arteko errepidean, Fanderia aurrealdean lurjausia izan zen. Lan publikoetarako langileak errepidea garbitzen aritu ziren goiz eta arratsaldez, ur gehiago xurgatu ezin zuen lurra behera etorri zelako. Ingurua seinaleztatuta dago.

  Eta zintaz itxita dago bestalde, bidegorria Madalenako tunel parean. Erreka oso hazita dago eta honen mailan dagoen tunelean ura pilatu da.

  Otsailean, gehiago edo gutxiago baina kasik egunero euria egin du. Eta horrek, esan bezala, lurra ur gehiago xurgatzeko gai ez dela utzi du. Otsaileko eurite aldi hau urtarrila amaierakoak sortu zituen kalteak konpondu gabe daudela etorri da gainera. Udaleko nekazaritza eta auzoak batzordeak, urtarrilaren 31ako aparteko euriteek auzo bideetan sortutako kalteen txostena egin du. 10 lurjausi kontabilizatu ziren eta hauek ukitzen zituzten bideak irekita dauden arren, ingurua ez da guztiz konpondu ezta egonkortu ere. Zenbait kasutan gainera, bide zatiak jausi dira eta sakoneko lanak egin beharko dira egoera bere onera ekartzeko. Guzti horrek udalari aurre ikusita ez zegoen inbertsioa eskatuko diola ikusita, Foru Aldundiari gertatutakoaren berri ematea erabaki da, etorkizunean halakoetarako diru laguntzarik ematen badu, Oñatiko egoeraren konstantzia izan dezan.

  Argitu behar da, Diputazioak une honetan ez duela halako kalteetarako diru laguntzarik eskaini. Baina 2012an eta 2014an izan ziren denborale gogorretan sortutako kalteak arintzeko laguntzak ezarri zituen. Oñatiko udalak, urtarrileko aparteko euriteek auzo-bideetan sortutako kalteen balorazio tekniko eta ekonomikoa jasotzen duen txostena osatu du eta Aldundira bidaltzea erabaki du.

  Ikusi egin beharko da azken egunetako euriteek, aurrez lurjausiak izan ziren parajeetan zer nolako ondorioak eragiten dituzten eta lurjausi berririk gertatzen ote den.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!