Auzo taxi zerbitzuaren orain arteko balorazioa egin eta 2017rako hitzarmen proposamena aztertuko da arratsaldeko Tokiko Gobernu Batzarrean

2017/02/02
Card image cap
Lan zerrendan 29 gai jaso dira

  2017ari begira plan ezberdinak azalduko dira gobernu taldearen arratsaldeko bileran. Iazko uda hasieran martxan jarri zen auzo taxi zerbitzuaren balorazioa egingo da eta horren arabera, 2017rako hitzarmen proposamena aztertuko da. Auzo taxia, Udalak, herriko taxilariekin elkarlanean martxan jarri zen ekimena da. Ohiko garraio publiko ibilbideetatik urrun dauden auzotarrek, herri gunera hurbiltzeko garraio bide eroso eta merkea izan dezaten da helburua. Hala, bidaia taxian egin arren, autobus txartelaren pareko prezioan ordaintzen dute, 2 euro. Taxilariekin aurrez hitzartutako bidaia prezioa osatzeko dirua udalak ordaintzen du. Auzo taxi zerbitzua, astelehenetik larunbatera eskaintzen da ordutegi mugatuan: astelehenetik ostiralera, 7.30tatik 20.00tara eta larunbatetan, 9.00tatik 14.00etara. Arratsaldeko bileran, esan bezala, orain arteko esperientziaren balorazioa egingo da eta urte berri honetarako hitzarmena proposatuko da, Udala eta herriko taxilarien arteko hitzarmena.

  Landa bideak hormigoitzeko 2017ko diru laguntza deialdia egitea ere proposatuko da gaurko bileran. Udalak, ematen dituen diru laguntzak dira. Aurtengo deialdirako oinarriak zehaztuta, deialdia zabaltzea bakarrik falta da. Pake Leku elkartean ere aurreratuta dute aurtengo programazioa. 2017an egitekoak diren ekintzen berri eman diete Ongizate Zerbitzuko teknikariei eta gaia, hauen iritsiko da arratsaldeko Tokiko Gobernu Batzarrera. Urte hasierarekin erlazionatuta baita ere, Zubillagako hiltegiaren 2017ko aurrekontuen berri emango da bileran eta bide batez, Udalaren ekarpena zenbatekoa izan beharko den ere azalduko da.

  Gaurko Tokiko Gobernu Batzarrerako 29 gaiko lan zerrenda osatu da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!