Auzo jaietako batzordeekin bilera deitu da astelehenerako

2021/02/19
Egungo osasun egoeraren inguruko talde hausnarketa egin eta auzo jaien balizko egutegia zehaztu nahi dira, besteak beste

  Ohikoa izaten da urte hasieran udaleko kultura ordezkariak eta auzo jaietako antolatzaileak bilera egitea. Aurten ere egingo da, astelehenean, baina bizi dugun osasun egoera bereziak zuzenki baldintzatuta, baita gai zerrendari dagokionean ere. Covid 19aren aurrean hausnarketa egingo da bileran, egoera eta balizko ezsenatoki ezberdinak planteatu eta auzo jai seguruak egiteko aukerak denon artean aztertzeko. Kasuistika ezberdinak panteatuta, auzo jaiak egin ala ez, eta egitekotan nola, zein baldintzetan, eta udalak zein baliabide eta bitarteko eskaini ahal eta beharko lituzkeen eztabaidatuko da. Iaz auzo jai gehienak bertan behera utzi ziren baina San Miel Txikixak eta Trianako jaixak modu berezian ospatu ziren. Formula eta eredu ezberdinak aztergai izango dira asteleheneko bileran.

  Bide batez, aurtengo auzo jaien balizko egutegia zehaztuko da; data hurbildu ahala jaiak egin edo bertan behera utzi erabakitzen bada ere, auzo bateko eta besteko ospakizunak batera antolatu ez daitezen edota udalak antolatu ditzaken ekintzak eta auzoetakoak bateragarriak izan daitezen zehaztuko da jai egutegia.

  Auzo jaietarako udal dirulaguntzak, eskaerak eta amaieran kontu-kitatze edo likidazioak nola aurkeztu azalduko zaie auzo batzordeetako ordezkariei. Auzo jaietako batzordeekin bilera astelehenean, 18:30tan, egingo da udaletxeko areto nagusian.   

Iturria: Oñati Irratia

(Arg: Goiena)