Oñatiko udala

Autlán konpainia mexikarrak Oñatiko CEGASA erosi du 26,35 milioi eurotan

2020/02/12
Card image cap
Energia Portatil Cogeneración enpresaren erdia ere eskuratu du

  Sherpa Capital Fondoak Oñatiko CEGASAn zuen jabetza Mexikoko Autlán meagintza konpainiari saldu dio. Alde batetik, manganeso dioxidoa ekoizten duen CEGASA Portable Energy eta bestetik, Iberdrolarekin erdi eta erdi zuen Energia Portatil Cogeneración enpresa.

  CEGASA, manganeso dioxido elektrolitiko arloan, Europako bigarren ekoizlerik garrantzitsuena da. Iaz, esaterako, 17,7 milioi euroko salmenta lortu zuen. Manganeso dioxidoa oinarrizko osagaia da bateria alkalinoetan. Eskaera handia duen materiala da eta CEGASA Portable Energy estrategikoki kokatuta dago Europako merkatuan. Bi faktore horiek bultzatu dute nagusiki Autlán konpainia mexikarra Oñatiko planta erostera. Izan ere, Europar Batasunean merkatu berriak topatzeko zabalkunde prozesuan murgilduta baitago, konpainiak berak azaldu duenez.

  Sherpa Capitalek orain hilabete batzuk hasi zituen Oñatiko CEGASA saltzeko mugimenduak, beste kapital fondo batzuei nahiz industrial taldeei eskainiz. Eta interesa berezia sortu zen Amerika eta Asiako hainbat industria taldeen artean, Madrilgo arrisku fondo etxeak jakinarazi duenez. Azkenean, Autlán konpainiak eskuratu du 26,35 milioi eurotan. Sherpa Capital Fondoak 2,5 milioitan erosi zuen Cegasa orain bost urte, 2015ean.

  Autlán-ek, epe ertainean, manganeso produktuen salmentatik lortutako irabaziak konpainiaren salmenten %10a izatea espero du. Baina ez du zehaztapenik eman Oñatiko planta eta bertan diharduten langileentzako dituen asmoez.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!