Aurten ez da aisialdiko begirale ikastarorik egingo Oñatin

2016/10/11
Gutxieneko partaide kopurua ez da bildu

  Irailean, Eusko Jaurlaritzak homologatutako titulu ofiziala eskuratzea ahalbideratuko lukeen ikastaroa Oñatin eta euskaraz egiteko aukera eskaini zen arren, ez da egingo. Taldea osatzeko gutxienez 10 lagun behar ziren eta 4k bakarrik eman baitute izena.

  Aisialdi begirale ikastaroak ez dira berriak Oñatin. 2014an egin zen lehengoz, eta hasierako asmoa bi urtean behin eskaintzea bazen ere, iaz errepikatu egin zen. Hasieran izan zuen arrakasta eta erantzun zabalak, ikastaroa, bi urtetan jarraian egitea eragin zuen. Lehenengoan 11 gazte aritu ziren eta iaz, 13. Aurten ordea ez da taldea osatu eta larunbatean hastekoa zen ikastaroa bertan behera uztea erabaki zu Udalak. Izan ere, ikastaro luzea izaten da, 204 teoria-ordu eta 120 praktika biltzen ditu. Oñatin, printzipioz, zapatutan eman ohi denez, urrian hasi eta maiatzera arte luzatzea aurre ikusten zen. Ikastaroaren kostua ere kontutan hartu behar da. Partaide bakoitzaren matrikula 500 euro da baina horrekin ez da ikastaroaren aurrekontua osatzen eta falta dena Udalak jartzen du. Gainera, ikastaroaren aprobetxamendu ona erakusten duten herritarrei matrikularen erdia edo hiru laurdenak berreskuratzeko diru laguntza ematen die Udalak, bere diru ekarpena handituz.

  2016-17 ikasturte honetan beraz ez da aisialdi ikastarorik egingo baina datorren irailean, hartarako aukera  eskaintzeko asmoa badago.

Iturria: Oñati Irratia