Aurrez iragarritakoa beteaz, Euzko Alderdi Jeltzaleak San Martingo etxebizitzen plan partzialaren aldaketari alegazioa aurkeztu dio.

2014/07/07
Card image cap
Arrazoiekin bat etorri arren, aplikatu den legedia okerra dela diote jeltzaleek.

  Udal gobernu taldeak San Martingo etxaldea osatzeko eraikuntza enpresekin hitzarmena sinatuko zuela iragarri zuenetik, jeltzaleek, plan partzialari alegazioa aurkeztuko zutela esan zuten. Agindutakoa, bete dutela jakinarazi dute gaur prentsa ohar bidez.

  Lourdes Idoiagak EAJ-ko udal taldeko bozeramaileak prentsa ohar bidez azaldu duenez, jeltzaleak bat datoz udal gobernuak plan partziala aldatzeko eman dituen arrazoiekin. Hau da, aurreikusitako etxebizitza libreak handiegiak zirela eta egungo eskariei ez ziotela erantzuten esatearekin ados daude baina jarraitu den bideak ez duela legedia betetzen diote jeltzaleek, ez kasu honetan aplikatu beharko litzatekeen 1994ko lurzoru legedia, ezta egungo legedia ere.

  Horregatik, eta legeak arautzen duena errespetatuz, jeltzaleek zera proposatzen dute: eraikiko diren 132 etxebizitzetatik, 32, babes ofizialekoak izatea eta gainontzekoak, salneurri mugatukoak. Babes ofizialekoen prezioa, 129 mila pasatxo euro litzateke eta salneurri mugatukoena, 90.000 euro gehiago.

  Gogoratu dezagun, udal gobernu taldeak onartutako plan partzialaren arabera, 132 etxebitizak salneurri mugatukoak izatea aurre ikusten dela.

  Oñatiarren interesen alde eta bereziki San Martinen etxebizitza erostera doazen familien interesen alde, plan partzialaren behin betiko aldaketa ez onartzea, legedia beteaz aurreikusitako 49 etxebizitza berrietatik 32 babes ofizialekoak izatea eskatzen dio EAJko udal taldeak Bilduko udal gobernuari.

  Jeltzaleek zabaldutako prentsa oharrean azpimarratu dute aurkeztu duten alegazioa legezkotasunaren eta oñatiar guztien interesen defentsan egin dutela. Oposizioko talde gisa, udal gobernuaren kudeaketa kontrolatu eta beharrezkoa denean salatzea dagokien ardura eta betebeharra dela esanez amaitzen da Lourdes Idoiagak, jeltzaleen bozeramaleak sinatzen duen prentsa oharra.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!