Oñatiko udala

Aurrera jarraitzen du izen abizenak euskalduntzeko kanpainak.

2014/03/06
Card image cap
Udalak UEMArekin batera martxan jarri duen “Euskaraz naiz” ekimenaren xedea izen abizenak euskal grafiara moldatzea da. Hau da, euskarazko izen eta abizenak ofizialki ere grafia euskalduna izatea.

  Moldaketa hori egitea xamurra da, eskaria, bake epaitegian egin behar da. Bake epaitegian emango diguten inprimakia beteta hainbat dokumentu aurkeztu beharko ditugu. Nortasun agiriaren fotokopia, epaitegietan edo erregistroan eskatzen den hitzez hitzeko jaiotza ziurtagiria eta errolda agiria dira aurkeztu beharreko dokumentuak. Honetaz gain, ezkonduta egonez gero edo seme-alabarik izanez gero, familia liburuaren fotokopia ere eraman behar da; eta 16 urtetik gorako seme-alabak izanez gero, seme-alaben nortasun agiriaren fotokopia.

  Adin txikiko seme-alaben kasuan, gainera, gurasoek abizenak moldatuz gero, adin txikiko seme-alabei zuzenean aplikatzen zaie moldaketa. Adin txikikoak ez diren seme-alaben kasuan, erregistrora joan eta adierazi egin behar dute eurek ere aldatu nahi dutela, baina ez dute tramitazio guztia egin beharrik.

  Eskaera eta dokumentuak bake epaitegian hartuko dizkiguten arren, eurek ez dute grafia aldatzeko eskuduntzarik. Horretxegatik dokumentazio guztia Bergarako erregistro zibilera bidaltzen da aldaketa bertan onartu dezaten. Eta hala egin ondoren, ebazpena Oñatira bidaltzen da eta eskatzailearen jaiotza agirian jasotzen da. Eskaera egin eta aldaketa burutu arte hiruzpalau hilabete behar izaten dira.

  Aldaketa ofizialki egin ondoren agiri ofizial eta ez ofizialak aldatzeko bidea hasten da, hau da, nortasun agiria, gidatze baimena eta bestelakoak aldatzeko bidea hasten da baina hori, norberak, dagokion bulego eta zerbitzutan egin behar du.

  Orain udalak UEMArekin bat eginda izen abizenak euskalduntzeko kanpaina berezia martxan jarri duen arren, hartarako aukera lehendik ere bazegoen. Bake epaitegian adierazi digutenez, urtero, halako 20ren bat eskaera tramitatzen dituzte. Gerta liteke “euskaraz naiz” kanpaina honek animatuta eskaera gehiago jasotzea baina hori baloratzeko goizegi dela gaineratu digute bake epaitegian.

  Izen abizenak euskal grafiara moldatzeko interesa duenak, gogoratu lehen eskaera erroldatuta dagoen herriko bake epaitegian edo erregistro zibilean egin behar duela. Oñatiko kasuan bake epaitegian egin behar da. Bake epaitegia Santa Ana inguruan, udaltzainen ondoko eraikinean dago eta astelehenetik ostiralera goizeko 9etatik ordu bietara irekitzen da.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!