Aurreikusitakoa baino lehenago amaitu dira Errekalde eta Bakardade Ama kale arteko gunea asfaltatzeko lanak.

2012/06/27
Eguerdirako jada, inguruko trafikoa normaldu da.

  Hasiera batetan asfaltatze lan hauek bihar arte luzatuko zirela pentsatu zen eta halaxe jakinarazi zen gainera, inguruan bizi direnek, gauzatu diren trafiko aldaketa eta mozketen berri izan zezaten. Baina zorua fresatu, egokitu eta asfaltatze lanak lehenago egin dira eta gaur eguerdirako jada amaitutzat eman dira. Ondorioz, inguruko trafikoa bere ohiko kaleetatik bideratu da berriro.

  Asfaltatze lanak egin diren arren, beste lan osagarri batzuk egiteke daude oraindik: zorua margotzea falta da, aparkalekuak, bizikleta bidea eta bestelako trafiko seinaleak margotzea falta da eta zoruko arketa eta erregistroak ondo kokatu behar dira. Gerta liteke lan txiki hauek egiteko trafikoa puntualki moztea baina tarte txikian izango da.

  Asfaltatze lan hauen ondorioz bestalde, Euskadi Etorbideko autobus geltokia Bidaurreta ingurura eraman zen atzo. Lanak amaitu diren arren, jendea ez nahasteko hasieran iragarri bezala, autobusak Bidaurretan geratuko dira gaur eta bihar ere. Halaxe adierazi zen Avenidan jarri ziren oharretan eta halaxe beteko dela jakinarazi digute udaltzaingoan.