Atzo bukatu zuten Covid-aren kontrako lehen txerto dosia jartzen San Martin egoitzan

2021/01/20
Card image cap
Positibo eman zuen egoiliarretako bat sendatuta Oñatin dago berriro

  Albiste onak jaso ditugu San Martin egoitzatik; ostiralean hasi zuten Covidaren kontrako txertaketa atzo osatu zen eta abendu amaieratik egoitzatik kanpo zegoen egoiliarra sendatuta itzuli zen, hori ere atzo. 

  San Martin egoitzako 70 egoiliarrek eta 73 langilek hartu dute jada txertoaren lehen dosia. Bi egoiliarrek uko egin diote eta positibo eman zuten beste hirurei egoitzara itzultzean galdetuko zaie. Oraingoz, Pfizer bakunaren lehen dosia jarri zaie eta hiru aste barru, otsaileko lehen egunetan, bigarren jartzea aurreikusten da. Inork ez du aparteko sintoma edo ondoriorik izan.
Covid-aren aurkako txertoa jarrita pandemia zabaldu aurreko normaltasuna berreskuratzen joatea da helburua, bai barruko funtzionamenduan eta nagusiki kanpora begirako harremanetan. Baina hori poliki-poliki joan beharko da.

  Bitartean, abendu amaieran gaixotu ziren egoiliarrak osatzen ari dira. Hiru ziren Covid-19aren sintomak eman eta PCRan positiboarekin Ordizia eta Eibarko erreferentziazko zentroetan ingresatuta zeudenak baina batek jada gaixotasuna gainditu du eta Oñatira ekarri zuten atzo. Beste bi egoiliarrak errekuperatzen ari direla adierazi digu egoitzako ordezkariak eta berandu baino lehen itzultzea espero dute.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!