Atez atekoaren inguruko eztabaida zabaltzen ari da. Herritar talde batek atez atekoaren kontrako sinadura bilketari ekin dio.

2012/03/01
EAJk, udaletxean kontsultaren aldeko ekimena aurkeztuko duela aurreratu du. Bitartean, astelehenean hasiko dira martxoaren 23a bitartean, udalak antolatutako bilera informatiboak; 6 informazio bilera egingo dira.

   “Hondakin bilketa selektiboari bai. Atez ateko bilketari ez” lemak dituzten paperak eskuz esku mugitzen hasi dira. Herritar talde bat atez atekoaren kontrako sinadurak biltzen hasi baita. Ekimena, politikatik at dagoela esan dute eta gaikako hondakinen bilketaren alde baina atez atekoaren kontra dauden lagunek sustatu dutela azaldu dute.

  Sinadurak biltzeko paperak, oraingoz, eskuz esku, lagun eta ezagunen artean zabaltzen ari dira. Dendaren baten edo leku publikoren baten jartzeko aukera ez dute baztertzen baina oraingoz, eskuz eskuko bide hori jorratzen ari direla adierazi dute. Helburua, atez atekoaren kontra dauden ahalik eta herritar gehienen sinadurak batzea da, gaia, Osoko Bilkuran aztertzen denean presentatzeko.

  Euzko alderdi jeltzaleko bailarako ordezkariek, bestalde, atez ateko hondakin bilketa sistemaren aurka daudela esanez eta ezker abertzalearen jarrera salatuz prentsaurrekoa egin zuten atzo Bergaran.
Agerraldian, Bilduren jokaera salatu zen,  herritarren parte hartzearen alde dagoela esan arren, erabakiak hartzeko garaian ez duelako hori betetzen. Hala, Ezker Abertzaleak atez atekoaren inguruan, zero kontsulta bidea aukeratu duela gaineratu zuten bozeramale jeltzaleek.

  Bailarako EAJ-ko zinegotziek argi utzi nahi izan zuten birziklapenaren eta bosgarren edukiontziaren bidez konpostajearen alde daudela eta herritarren benetako partaidetza bermatzeko herri kontsultak egin daitezen, Debagoienako Udalbatza guztietan ekimenak aurkeztuko dituztela iragarri zuten.

 Udal gobernu taldeak bere aldetik, atez atekako hondakinen biltze sistema dela eta herrian sortzen ari den eztabaidak pozten duela adierazi du. Horrek herritar askorentzat hondakinen kudeaketa kezka iturri dela erakusten baitu. Baina eztabaida askotan informazio falta nabari dela eta hutsune hori betetzeko bilerak egin eta zuzeneko harremanetarako bitartekoak jarri dituztela jakinarazi nahi du.

 Bilerak, kale edo auzuneka antolatu dira eta herritar guztiak bertan parte hartzera gonbidatzen dira. Bileretan, hondakinen arazoaz informazioa emateaz gain, honek eragindako arazoari munduko herri ezberdinetan eman zaien irtenbideez eta emaitzez argibideak emango dira. Atez atekoaz ere berba egingo da. 

  Zuzeneko harremanak ere erraztuko dira. Udal Gobernuko kideak ostiralero herritarren zalantzak argitzeko egongo baitira arratsaldeko 3etatik aurrera. Horretarako dena den hitzordua hartu behar da 943 78 04 11 udaletxeko telefonora deituta edo mezua, honako helbide elektronikora bidaliz: partehartzea@oinati.net.

  Eta posta elektronikoa aipatuta, esan, hemen ere, ATEZ ATE INPOSATURIK EZ!!! EMAN HERRIARI HITZA izenburupean, atez atekoaren kontrako mezuak zabaltzen ari direla.

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!