Asteroko jakien azokarik ez da egingo larunbatean eta arropa eta ehunkien saltokiak Santa Marina plazan kokatuko dira

2017/09/19
Kilometroak jaiak hainbat aldaketa ekarriko ditu asteburuko zerbitzutan

  Kilometroak jaia domekan ospatuko den arren, muntaia lanak hasita daude dagoeneko. Asentzio aldean karpa eta bestelako azpiegitura batzuk jarri ziren atzo jada. Herri gunean ere lanean hasi dira eta horrek hainbat aldaketa ekarriko ditu asteburuetako zerbitzutan.

  Zapatuetan izan ohi den azoka adibidez, ez da egingo. Azoka eraikina bera okupatuta egongo denez ezin izango da jakien saltokirik jarri bertan. Arropa eta ehunkiak saltzen dituztenei berriz, Santa Marina plazan kokatzeko baimena eman zaie. Gogoan hartu, hurrengo astean ere barrakak plaza aldameneko jolaslekuan egongo direnez, arropa eta ehunkien saltokiak Santa Marina plazan kokatuko direla berriro.

  Igandean kiroldegia itxita egongo da. Hasieran bestelakorik iragarri bazen ere, Kilometroak egunean kirol instalazioak ez irekitzea erabaki du udalak. Zubikoako kantxa jantoki bihurtuko da eta 12:30tatik 15:30tara bazkariak zerbitzatuko dira bertan, baina kirola egiteko aukerarik ez da izango.

  Kilometroakeko zirkuitu barruan egongo diren Kale Barria eta plazako tabernek berriz, ez dute terrazarik muntatuko domekan. Lokal aurrealdean mahai eta aulkirik ez jartzeko agindua eman die udalak, Txurruka, Arkupe, Oñati, Arrano, Boise eta Goiena tabernei.

  Domeketan izan ohi den Arantzazurako autobus zerbitzuan azkenik, aldaketa txiki bat izango da aste honetan. Oñati eta Arantzazu arteko zerbitzua beteko da baina autobusa geltoki bakarrean geratuko da herrian, Postetxe aurreko geltokian hain zuzen ere. San Lorentzo eta Kalegoienako geltokietara sartzeko zailtasunak izango dituenez, Arantzazura joan-etorrian dabilen autobusa Postetxe aurrealdean soilik geratuko da igandean.

Iturria: Oñati Irratia

Kilometroak jairako muntaketa hasi da