Astelehenean zabalduko da udaleku irekietan begirale izateko izen emate epea

2016/03/31
18 urte izan eta euskaraz ondo berba egitea eskatzen da

  Uztailean egingo diren udaleku irekietan begirale izan nahi dutenen izen ematea apirilaren 4tik 15era egingo da.
Lanean hasterako, 18 urte beteta izatea, euskaraz ondo moldatzea eta eskola graduatua izatea dira bete beharreko oinarrizko baldintzak. Hortik aurrera, aisialdi monitore gisa edota akademikoki duten formazioa eta lan-eskarmentua bereziki baloratuko dira. EGA edo pareko titulua izatea ere kontutan hartuko da. Puntuagarri diren meritu eta titulu guzti horien egiaztagiriak izena ematerakoan aurkeztu behar dira. Eskaera orria eta nortasun agiriaren kopiarekin batera.

  Jasotzen diren eskaera guztiak puntuatuko dira. Aurten ere, mutil begiraleen partaidetza areagotu nahi da. Hala, sexu bakoitzaren errepresentazioa % 10ekoa gutxienez bermatze aldera, puntuazioan berdinketa egonez gero, presentzia gutxiena duen sexuko hautagaiak lehentasuna izango du. Sexu bakoitzeko gutxieneko ordezkaritza ziurtatuta, puntu berdinketa egonez gero, beste irizpide hauek hartuko dira kontutan: oñatiarra izatea, egiaztatutako lan esperientzia, begirale titulua izatea, laugarren hizkuntza eskakizuna izatea, EGA edo baliokidea den agiria izatea eta lanpostuarekin zerikusia duten ikasketak.

  Puntuazio horren arabera, begirale izateko izena eman dutenen zerrenda kaleratuko da. Kontratua, puntuaziorik altuena lortu dutenei egingo zaie, beti ere beharraren arabera. Martxoaren 18an amaitu zen udalekuetara joango diren neska mutikoen izen ematea baina oraindik, taldeak osatzeke daude. Horien arabera erabakiko da zenbat begirale behar eta kontratatuko diren. Erreserba zerrenda bat ere osatuko da uko edo bajei aurre egiteko erabiliko delarik. Begirale izateko formazio saioetan parte hartu beharko da. Saio hauek maiatzaren 14an eta ekainaren 25ean egingo dira.

 Udalekuak, ekainaren 27tik uztailaren 22ra egingo diren arren, begiralei kontratua, uztailaren 28era arte egingo die Udalak.

Iturria: Oñati Irratia