Astelehenean itxiko da Oñati eta Legazpi arteko errepidea lau hilabeterako

2019/09/13
Card image cap
Olabarrietako auzotarrek eta bertan lan egiten dutenek zirkulazio baimena eskuratu behar dute

  Oñati eta Legazpi lotzen dituen GI-2630 errepidearen azpian, Olapoto eta Aiastui artean dauden lau zubiak birgaitu behar ditu Foru Aldundiak. Lanak egiteko Udanako errepidea itxi egingo da lau hilabetez. Olabarrietako bizilagunentzat ordezko bideak egokituko dira baina gainerako ibilgailuek Bergaratik egin beharko dute Legazpirako joan-etorria.
Errepide nagusian lanean ari diren bitartean, Olabarrieta auzo barrutik bideratuko da zirkulazioa, eta horretarako, semaforoak jarriko dituzte. Bide hau auzotarrentzat eta bertan lan egiten dutenentzat gordeko da. Zirkulazio baimen bereziak prestatu dira horientzat eta udaletxean eskuratu behar dira. HAZ bulegoan bete behar da eskaera edo udaleko web atariaren bitartez.

  Zirkulazioa auzotik barrena bideratuko denez, Olabarrieta-Asentzio-San Martin oinezkoentzako aisialdi ibilbidea ez erabiltzea gomendatzen dute udal arduradunek, trafikoa, eta ondorioz arriskua, areagotu egingo delako.

  Olapoto eta Aiastui artean errepidean egingo diren lanek eskolako autobusari nahiz autobus zerbitzu publikoari zuzenean eragingo die. Olabarrietako haurrak autobus handi batean joaten dira eskolara; ibilgailu berberak eramaten ditu hiru ikastetxeetako neska-mutikoak. Lehenengo bi hilabetetan ez da arazorik izango garraio hau mantentzeko, lanak, Udana aldetik hasiko direlako eta auzorako sarrera libre egongo delako. Bigarren fasean ordea, lanak auzo sarreratik Olapotorako tartean egingo dira eta ikasleen garraioa beste era batera bideratu beharko da. Udala eta ikastetxeetako arduradunak aukera ezberdinak aztertzen ari dira.

  GI-2630 errepidearen itxierak autobus garraio publikoari ere eragingo dio. Arrasate-Oñati Zumarraga linea moztu egingo da eta Arrasate eta Oñati artean beteko da soilik. Oñati eta Legazpiko udalak ez daude neurri honekin ados eta hala jakinarazi zieten Aldundiko ordezkariei pasa den astean egin zuten bileran. Batzarra eskatu zuten Diputazioko Mugikotasun departamentuko arduradunekin baina ez dute erantzunik jaso orain arte. Eta bitartean, Arrasate eta Zumarraga elkar lotuko dituen autobus linea berria martxan jarriko da astelehenean. Linea zuzena izango da eta geldialdi bakarra egingo du herri bakoitzean.

  Lau zubi daude Olapoto eta Aiastui arteko errepidearen azpian. Laurak birgaitu behar dira eta horretarako lanak lau hilabeteko epean egingo dira. Lanak bi fasetan egingo dira, Aiastui aldetik Olabarrieta auzo sarreraraino lehenik, eta handik Olapotoraino ondoren. Lanak aprobetxatuz Olakuatik doan bidegorriari Olapotoko zubiaren gainean leku egiteko eskatu du Udalak. Horrela, egun oinezkoen bidea jarraituz Ugarkalderuntz egiten duen gora-behera desagertuko litzateke. Aldundiko arduradunek ez dute erantzunik eman oraindik.    

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!