Astelehenean irekiko da Txantxiak eskuratzeko truke bulegoa.

2014/10/28
Card image cap
Udaletxean kokatuko da eta zerbitzua, astelehenetik ostegunera, ordutegi mugatuan eskainiko da.

  Hau da, astelehen, asteazken eta ostegunetan, goizeko 11:30etik 13:30era eta asteartetan, arratsaldeko 3etatik 5etara.

  Orain arte, herritar gutxi batzuk izan dituzte Txantxiak eskutan. Jaixak tarteko, udalaren sari edo dietaren bat jaso dutenak soilik. Baina astelehenetik aurrera, hala nahi duten herritar guztiek izango dute euroak Txantxiengatik aldatzeko aukera. Truke horrek gainera saria izango dut, Txantxiak erosterakoan, ehuneko 5aren hobaria jasoko baitu. Hau da, 100 euro aldatzean, 105 Txantxi jasoko ditu bueltan. Truke hobari horri, atxikitako establezimenduek urtean zehar egingo dituzten deskontu osagarriak eta eskaintza bereziak batuko zaizkio.

  Txantxiek euroaren baliokidetasuna dute. Hau da, Txantxi baten balioa euro batekoa da.

  Aldiko aldatu ahal izango den euro kopurua mugatua da bai goitik eta baita behetik ere, eragiketa bakoitzean gutxienez 20 euro aldatu beharko baitira eta gehienez, 500. Eta 500 euro horiek izango dira erabiltzaile bakoitzak hiru hileko gehienez aldatu ahal izango duen kopurua. Izan ere, Txantxien erabilera epea mugatua baita. Txantxien zirkulazioa arintzeko asmoz, urtean lau iraungitze data ezarri dira. Orain eskuartean dabiltzanak eta astelehenetik aurrera trukatu ahal izango direnak, abenduaren 31an iraungi edo kadukatuko dira. Kontutan hartu beharreko hurrengo iraungitze datak, martxoaren 31a, ekainaren 30a eta irailaren 30a dira. Deskuidoan, Txantxiaren iraungitze data pasata erabili ez bada udaletxeko truke bulegora joanda, data berria jarrita eguneratuko da. Baina horrek penalizazio txiki bat izango du, % 3ko murrizketa ekarriko baitu. Bide horretatik pilatzen diren Txantxiak, gizarte funts batera bideratuko da.

  Argibide guzti horiek Txantxiak hartzen dituzten 86 denda edo establezimenduetan eskuragarri dauden informazio triptikoetan jaso dira. Astelehenetik aurrera, udaletxean ere triptikoak eskuratu ahal izango dira.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!