Astelehenean hasiko dira eskolak Oñatin.

2012/09/04
Card image cap
Bigarren Hezkuntzako ikasleek dena den, ebeikotzean izango dute 2012-2013 ikasturtearen aurkezpena. Aurten, 6 eta 18 urte arteko ikasle guztiek eskola agenda bateratua jasoko dute.

   Hori da ikasturte berriak gurean izango duen nobedadeetako bat. Udala eta ikastetxeetako ordezkariez osatutako hezkuntza mahaiak aurrera ateratako lehen ekimena da Oñatiko eskola agenda. Kurtsoa hastearekin batera herriko ikasleek jasoko duten agenda honek bi zutabe nagusi izango ditu: euskara, Oñatiko euskara aldaera konkretuki, eta herriko hirigintza. Izan ere, agenda hau Oñatiko euskara lantzeko bitarteko gisa planteatu da, hala, jasoko dituen testuak Oñatiko euskaran joango dira. Hirigintza aldetik, berriz, herria zelan aldatu den erakutsi nahi zaie haur eta gazteei. Horretarako, udal artxiboan gordetzen diren garai bateko argazkiak erabili dira. Osagarri gisa bestalde, turismo bulegoarekin elkarlanean eta ikasleen adinaren arabera, bisita gidatu ezberdinak eskaintzeko asmoa dago. Baina hori ikasturtea aurrera doan heinean gauzatuko da.

  Oñatiko eskola agenda berriko 1.200 ale argitaratu dira eta astean zehar ikastetxeetara eramango dira 6 eta 18 urte arteko herriko ikasleek kurtsoa hasi bezain pronto eskuratu ditzaten.

  Eta agenda denek jasoko duten bezala, kurtso hasiera ere denontzako egun berean hasiko da, datorren astelehenean, irailaren 10ean. Bigarren hezkuntzako ikasleak dena den, gelara egun batzuk lehenago joango dira, ebeikotzean. Herriko hiru ikastetxeetan aurkezpen bilerak antolatu baitira derrigorrezko bigarren hezkuntza eta batxilergo nahiz lanbide zikloetako ikasleekin.

  Elkar Hezi ikastetxekoak izango dira goiztiarrenak. DBH 1,2 eta 3. mailako ikasleek, ebeikotzean goizeko 10etan izango dute kurtso aurkezpena eta DBH4 eta batxilergokoek, 10:30ean.
Txantxiku ikastolan berriz, 11etan finkatu da DBH nahiz batxilergokoen aurkezpena. Eta Zuazola Larraña institutuan berriz, 12etan.

  Aurkezpenekoak bilera laburrak izan ohi dira: irakasleak ezagutu, ordutegia jaso eta beste argibide batzuk emateko topaketa besterik ez. Baina udako oporren ondorengo lehen hartu eman horren ondotik, bigarren hezkuntzakoak ere astelehenean hasiko dituzte eskolak.

  Hezkuntza Sailburuak 2012-2013 ikasturtea gurean mozketarik gabe hasten dela esan zuen atzo kurtso berriaren aurkezpenean. Datuek ordea bestelakorik azaltzen dute, euskal hezkuntzak aurreko ikasturtean baino 7.000 ikasle gehiago izango dituelako eta 24 milioi euro gutxiago. ELA sindikatuak bestalde sailburua gezurretan ari dela salatu du ikasturtea, 300 irakasle gutxiagorekin hasiko dela gaineratuz.

  Ikasle eta irakasle kopururik ez dugu oraindik baina gogoan hartu, Oñatin 2012-2013 ikasturtea astelehenean hasiko dela bai behintzat haur, lehen eta bigarren hezkuntzan.

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!