Astelehenean hasiko da igeltsero ofizial plaza betetzeko azterketaldia

2020/11/25
Card image cap
Gaitegi orokorraren gaineko azterketa teorikoa izango dute onartu diren hiru hautagaiek

  Hautaketa prozesura aurkeztu ziren 7 lagunetatik hiruk bakarrik presentatu dituzte udalak eskatutako agiri guztiak eta ondorioz horiek izango dira azterketaldiari ekingo diotenak. Atzo bertan argitaratu zen onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda eta lehenengo azterketarako deialdia. Lehen ariketa teorikoa lanposturako iragarkiari erantsi zitzaion gaitegi orokorrari dagokiona izango da, hau da, funtzio publikoari dagokiona. Azterketa udaletxean egingo da, astelehenean, 10:30tan hasita. Covid-19a dela eta, musukoa jantzita eta norbere boligrafoa eraman beharko dute hautagaiek.

  Lehen ariketa honen ondoren beste bizpahiru azterketa gaindiko beharko dituzte hautagaiek: lanpostuari dagozkion zereginetan oinarritutako azterketa teorikoa eta praktikoa eta euskarari dagokiona, eskatutako maila agiri bidez egiaztatu ez dutenen kasuan.

  Udalak kontratatuko duen igeltsero ofizialak brigadan jardungo du lanean, kale-plazetan nahiz udal eraikinetan igeltserotzari dagozkion mantenu lanak egiten, hiri altzariak, oztopo zutoinak edo trafiko seinaleak jartzen edota hornidura sare ezberdinak sartzeko zangak egin eta ixten. Horrezaz gain, brigada taldeak egin ohi dituen eszenatoki muntatze eta erretiratze lanetan edota bestelako garbitze, pintaketa eta mantentze lanetan lagundu beharko du.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!