Oñatiko udala

Astelehenean Generalitateko presidente izendatzea espero den Quim Torra Oñatin hitzaldia ematera gonbidatuta dago

2018/05/11
Card image cap
Nabarralde elkartearen Memoria lekua jardunaldia irekitzeko Torraren hitzaldia iragarrita dago

  Askoren sorpresarako proposatu zuen Puigdemontek Quim Torra Generalitateko presidente izateko. Izendapen horrek zalantzan jartzen du Nabarralde elkarteak Memoria lekua jardunaldiaren baitan aurrez iragarria zuen egitaraua, jardunaldia irekitzeko hitzaldia Quim Torrak ematea aurreikusi baitzen.

  Quim Torrak ez du babes nahikorik izango presidente izendatua izateko lehen bozketan, CUPek, iragarri bezala, abstentzioari eusten badio. Aldiz, astelehenean egingo den bigarren bozketan inbestituko du parlamentuak JxCren eta ERCren aldeko botoekin, beti ere CUPek aurka bozkatzen ez badu. Eta azken orduko aldaketarik ez badago maiatzaren 25ean Oñatin izango da Los lugares de la memoria hitzaldia ematen.

  Zaila izango da presidente ardurak hartu berritan aurrez zuen agendari eustea, baina Nabarralderen web orrian Quim Torra presidentegaiaren hitzaldia iragartzen da oraindik. Memoria lekuak jardunaldiaren saio akademikoak maiatzaren 25 eta 26an egingo dira. Maiatzaren 25ean, 18:30ean, ospatuko da jardunaldiaren irekiera ofizialari dagokion hitzaldia emateko gonbidatu zen  Quim Torra idazle eta oraindik diputatu dena. Ekitaldian, Mikel Biain alkateak, Luis Mª Martinez Garate jardunaldiaren zuzendariak, Iñaki Dorronsoro Eusko Ikaskuntzako zuzendariak eta Xabier Barandiaran Gipuzkoako diputatu nagusiaren kabinete buruak ere parte hartuko dutela iragarri zen pasa den astean, jardunaldien berri emateko prentsaurrekoan. Baina Quim Torraren partaidetza hori zertan geratzen den ikusi beharko da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!