Astelehenean egingo da San Martingo aisialdi ortuen zozketa.

2014/12/12

  Zozketarako erabiliko den behin betiko zerrenda hori udaletxeko iragarki taulan eta udal web gunean ikusgai dago. 68 herritar izan ziren San Martin inguruan prestatu diren aisialdi ortuetako bat landatzeko eskaera egin zutenak. Horietatik 65 berehalakoan onartu ziren baina hasieran 3 baztertu egin ziren: batek, ez zuelako erroldatze antzinatasuna betetzen eta beste bik, adin txikikoak izaki guraso edo tutorearen baimena aurkeztu behar zutelako. Azken horietako bat izan da eskatutako dokumentazio osagarria eraman duena eta zozketarako zerrendan onartu dena. 66 lagunen artean egingo da beraz, San Martingo aisialdi ortuen zozketa.

  Zozketa egin aurretik, San Martinen egokitu diren 70 ortuak neurtu dira. Ortuen bataz besteko tamaina 30 metro karratu da, txikienak, zentimetro gutxigatik ez dira neurri horietara iristen eta handienak, 35 metro karratu inguru ditu. Ortu bakoitzari zenbaki bat eman zaio eta horrelaxe zozkatuko dira astelehenean: eskaera egin duten herritarren zerrenda osatuko da eta alaitzean, kutxa batetik, ortuen zenbakiak ateratzen joango dira.

  Kontutan hartuta, 70 ortu daudela eta onartutako eskaerak 66, guztiei ortu bana esleituko zaie. Zozketa eginda, onuradunekin bilera egingo da. Bilera hori, datorren ostegunean, hilaren 18an egin asmo da Kultur Etxean. Baina zehaztapenak, esan bezala, astelehenean emango zaie zozketa hurbiltzen diren interesatuei eta bertaratzen ez diren gainontzeko esleipendunei.

  Bilera horretan, baratze parkearen erabilerari buruzko informazioa emango da. Eta arautegian zehazten den egin beharreko ikastaro laburraren inguruko xehetasunak ere bai. Udalak, 70 euroko errentaren truke, aisialdi ortuak urtebeterako lagako ditu. Lagapen hori urtez urte luzatu ahal izango da, gehienez, bost urteko mugarekin.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!