Astelehenean amaitzen da etxebizitzak alokatzeko udalak gazteei eskaintzen dizkien diru laguntzak eskatzeko epea

2016/10/14
Orain arte 10 bat eskaera jaso dira

  Iaz 25 eskaera jaso ziren baina gehienak, azken egunetan bideratu zirela jakinik, gaur-bihar eta astelehena bitartean, eskaera gehiago bideratzea espero dute Gazteria Batzordetik. Izan ere, bigarren urtea baita Udalak, gazteen emantzipaziorako diru laguntza hauek ematen dituela.

  Diru laguntzak, 18 eta 30 urte bitarteko gazteek eskatu ahal izango dituzte baldin eta, gutxienez 12 hilabeteko alokairu kontratua baldin badute. Hileko alokairu prezioaren erdia estaltzeko diru laguntza emango da, muga 250 euro hilean izaki. Eskatzailea, edo bizikidetza unitateko kide bat gutxienez, Oñatin erroldatuta egon beharko du, gutxienez 10 urtetan edo azken bi urteetan. Gazteen diru sarrerak ere mugatzen dira eta urteko diru sarrera gordinak gehienera 28.000 euro izan daitezke eskatzaile bakoitzeko. Iaz, eskatzaileak bi edo gehiago baziren, gehienez 35.000 euroko sarrerak izatea onartzen zen. Baina, muga hori, esan bezala, aldatu egin da. Urteko diru sarrera gordinak mugatuak diren bezala, aurreztutako dirutik eratorritako errendimendu gordina ere mugatu da eta ezin izango da urtean 601 eurotik gorakoa izan.

  Diru laguntzaren eskatzaile eta etxebizitzaren jabearen artean ezin da familia loturarik izan ahaidetasuneko bigarren mailaraino. Alokairu etxebizitzei dagokienean, Oñatin egon beharko dira eta bizigarritasun baimen izan beharko dute: erabiltzeko moduan dagoen sukaldea izan beharko dute, gas edota argindarraz hornituak, iturriko ura eta erabiltzeko egoeran dagoen ur bero sistemarekin. Kalerako aireztatzea eta bizikidetza unitateko bi pertsonako gehienez, logela bat.

  Diru laguntzetatik kanpo uzten dira, sustapen publikoko babes ofizialeko etxebizitzak, logelen alokairuak, etxebizitza gisa erabilitako lokalak eta Bizigune programaren barruan alokatutakoak. Diru laguntza hauetatik kanpo geratuko dira era berean, hilean 550 eurotik gorako errenta duten etxebizitzak.

  Diru laguntzak bi zatitan ordainduko da; lehenengo ordainketa ebazpena egin ondoren gauzatuko da eta ordura arte egiaztatutako alokairu gastuen araberako proportzioan egingo da. Bigarren ordainketa berriz, egiaztatze agiri guztiak aurkeztutakoan gauzatuko da.

  Gazteen emantzipaziorako diru laguntzetara  50.000 € bideratuko dira aurten.

Iturria: Oñati Irratia