Asteburuan egingo da abenduaren 20an hauteskunde mahaitan egon beharko duten presidente eta bokalak eta hauen ordezkoak izendatzeko zozketa

2015/11/20
Guztira, 135 herritar aukeratuko dira.

  Espainiako kongresua eta senatua berritzeko hauteskundeak direla eta Oñatin, boto mahaitan egon beharko duten presidente, bokal eta hauen ordezkoen izendapenerako zozketa asteburuan egingo da udaletxeko bulegoetan. Zozketa, programa informatiko baten bitartez, alaitzean egiten da. Hautesle mahai bakoitzeko erroldak erabiltzen dira horretarako eta bakoitzetik, 9 lagun izendatzen dira. Horietako bat presidente titular izango da eta beste 2 bokalak. Postu bakoitzeko beste bina ordezko izendatzen dira. Zozketa, 18 eta 70 urte bitarteko herritarren artean egiten da. Adin tarte horretako 6998 herritar daude hauteskunde erroldetan.

  Behin zozketa eginda, izendapenaren berri ematen duten agiriak bete beharko dira, ahalik eta azkarren, jakinarazpenen banaketa hasteko. Kontu egin behar da legez mugatuta daudela zozketa egin, jakinarazpenak banatu eta arazoak dituztenentzat alegazioak aurkezteko epeak. Eta horiek oso estuak direla.

  Horretxegatik, bihar-etzi egingo den zozketaren ondoren, izendapen agiriak bete eta lehenbailehen banatzen hasiko dira asteburuko lan-txanda duten udaltzainak. Jakinarazpenak, izendatutako herritarrei eskura ematen zaizkie, zuzenean etxera eramanda edo han topatzen ez badituzte, abisua utzi eta udaletxetik pasa daitezela eskatuz.

  Ezintasunen bat duenak, izendapenaren kontrako alegazioa aurkeztu dezake. Horretarako epea, behin jakinarazpena jaso eta zazpi egunekoa da. Gogoratu dena den, hauteskunde mahaitan egoteko kargua, legez bete beharrekoa dela eta pisuzko arrazoiak bakarrik onartzen direla. Dena den, zein arrazoi eman daitezkeen, izendapenarekin batera banatzen diren informazio liburuxka horietan agertzen da. Liburuxkan, hauteskunde mahaitan egon beharko dutenen arduraren arabera, bete beharreko lana eta erantzukizuna ere zehazten da.

  Asteburuko zozketan presidente titular izateko aukeratzen diren 16 herritarrei, dokumentazioa eskuratzeko informazio bilera batetarako zita ere jakinaraziko zaie. Batzar hori, abenduaren 18an egingo da ziurrenik, baina esan bezala, presidente titular izango direnentzat soilik da.

Iturria: Oñati irratia