Astebetez luzatu da Arazerixan! ginkanan parte hartzeko izen-emate epea

2018/02/21
Lehen proba astelehenean zintzilikatu zen eta 15 talde proba prestatzen ari dira jada

  Astean egin beharreko lehen ariketa astelehenean zintzilikatu zen www.arazerixan.eus atarian. Kalejiran izenburupean, herriguneko sei kale identifikatu eta turismo bulegoan eskuratutako mapan kokatu beharko dira. Ondoren, turismo gidari lanak beteaz, Kale Zaharra edota plazan barrena egingo luketen bisita gidatu bat bideoz grabatu beharko dute partaideek, ikus-entzunezkoa Arazerixan web orrira igoaz. Ginkanan parte hartzen ari diren 15 taldeek astebeteko epea dute proba osatzeko. Astean zehar izena ematen duten talde berriek aldiz, datorren astelehenera arteko epea izango dute. Izan ere, astebetez luzatu baita ginkanan parte hartzeko izen-emate epea.  

  Arazerixan! ginkanan parte hartzeko deialdia 12-16 urte bitarteko gazteei zuzendu zaie, hau da, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleei. 3-8 partaideko taldeak osatu behar dituzte eta gurasoek sinatutako baimen orriak Gaztelekura eramanda, izena, www.arazerixan.eus atarian eman behar  dute.

  Arazerixan! herri curriculum-a edo Oñatiko kultur ondarearen transmisioa modu ludikoan lantzeko egitasmoa da. Orain bi urte egin zen lehen ginkanan 240 lagunek parte hartu zuten. Orduan bezala, oraingoan ere, Topagunearekin lankidetzan garatzen ari den proiektua da.

  Gaztetxoek lau proba proba osatu beharko dituzte, astean bat. Ariketetan, partaideentzat oso erakargarriak diren teknologia berrien erabilera sustatuko da. Aste honetan, esan bezala, mugikorraz bideo txiki bat grabatu beharko dute.
Azken jaia martxoaren 23an ospatuko da Gaztelekuan eta sari ezberdinak banatuko dira: ginkanaren amaieraraino heltzen diren parte hartzaile guztiek sari handi bat izango dute, denen artean gozatzeko. Probetan puntu gehien lortzen dituen taldeak berriz, sari berezia jasoko du. Beraz, partaidetza eta jarraikortasuna bereziki sarituko dira.

Iturria: Oñati Irratia