Astebeteko egitaraua antolatu du Oñatz Dantza taldeak bere 45. urteurrena ospatzeko

2015/10/27
Card image cap
Azaroaren 14tik 21era, dantza erakustaldiak, hitzaldiak eta bazkari herrikoia egingo dira, besteak beste

  Ospakizunak, azaroaren 14rako antolatu den dantza ekitaldi nagusiarekin hasiko dira. Ikuskizun osatua prestatzen ari dira eta horretarako Oñatz dantza taldekoek Musika Banda, Ganbara Abesbatza eta beti ere inguruan dituzten Aita Madina txistulari taldekoak gonbidatu dituzte ikuskizunean parte hartzera. Zubikoako pilotalekuan gaueko 22.30tan hasiko den jaialdirako sarrerak dagoeneko salgai daude Txokolateixan.

  Dantzarekin jarraituz, hurrengo egunean, herriko ume eta gaztetxoen dantza saioa izango da Plazan; azaroaren 19an Sorgin dantza egingo da kalerik kale eta azken egunerako, 21erako antolatu den bazkari herrikoiaren aurretik, dantza txikiteoa izango da.

  Oñatz taldearen jardun nagusia dantza egin eta irakastea bada ere, erraldoiak atera eta dantza erazteaz ere arduratzen da. Jarduera horrek ere izango du islarik urteurrenaren ospakizunetan, azaroaren 15ean hain zuzen, konpartsa kalera aterako baitute, ez bakarrik Oñatikoa, Arrotxapeakoa ere gonbidatu dute.

  Hitzak ere izango du tarterik ospakizunetan. Bi hitzaldi antolatu dira: azaroaren 17an, Ane Albisuk dantzarien jantzi eta atontzeaz berba egingo du eta 18an, Iñigo Murgiondok Oñatiko dantzaren historixia azalduko du.

  Oñatz dantza taldearen 45. urteurrena girotzeko berriz, azaroarren 9tik 23ra herriko denda eta saltokietako erakusleihoak apainduz Oñatzen arropa eta materialak ikusgai jarriko dira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!