Astebete barru amaituko da gripearen kontrako txertaketa kanpaina

2015/12/11
Orain arte 2125 txerto jarri dira Oñatin eta 65 urte edo gehiago dutenen % 70a bakunatu da

  Orain arteko datuak onak dira eta Oñatin, beste urte batez, Osakidetzak jarritako helburu orokorrak bete direla esan genezake. Baina hobetzeko tartea badago datorren ostiralera arte izango baita gripearen kontrako txertoa hartzeko aukera.

  Kanpaina hasi zenean Oñatira ekarri ziren 2200 bakuna dosietatik 75 besterik ez dira geratzen. Azken aste honetan gehiago beharko balira ordea, ekarriko direla argi utzi nahi dute anbulatorioko arduradunek. Baina beste urte batzuetako estatistikei erreparatuta, bereziki gonbidatutako kolektiboen kopuru handi batek txertoa hartu duela uste dute. 65 urte edo gehiago duten 10 oñatiarretatik 7 txertatu dela adierazi dute anbulatoriotik. Nagusien estatistika da bereziki zaintzen dena baina gogoratu, gripearen kontrako txertaketa kanpaina, 65 urtetik gorakoei, gaixotasun kronikoren bat dutenei eta emakume haurdunei ere zuzentzen zaiela.

  Aurten, bestelakorik pentsatu bazen ere, Osakidetzak, azken orduan iragarri zuen gripearen kontrako txertaketa kanpaina abenduaren 18ra arte luzatzen zela. Azken aste honetan ere, San Migeletatik jarraitu den bidea egin beharko da, alegia, 65 urte edo gehiago dutenek anbulatoriora deituta txertoa hartzeko txanda eskatu behar dute eta dagokien egun eta orduan beren erizainak txertatuko ditu. Gaixo kronikoek eta haurdun dauden emakumeek berriz, medikuari kontsultatu beharko diote bere kasuan txertoa hartzea komeni zaien ala ez, eta horretarako ere, aurrez txanda eskatu behar da.

  Gripearen kontrako txertaketa kanpaina, 1950ean edo lehenago jaiotakoei zuzenduta dago esan bezala, baina anbulatoriotik aurten 65 urte betetzen dutenei deialdi zuzena egin nahi diete berriro. Urtero, txertatu kopuru baxuenak adin horretan ematen baitira.

Iturria: Oñati Irratia