Asteazkenean hasiko da Herribusa Usakorako zerbitzua ematen

2018/06/18
16:00tan eta 19:30tan Ugarkaldetik irteten diren autobusak Usakoraino iritsiko dira

  Usakoko bainu denboraldia ekainaren 9an hasi bazen ere, ez du eguzki egunik eta bero egunik egin orain arte. Etzirako ordea, gure inguruan, termometroak 30-32 gradutara iritsiko direla iragarri du Euskalmetek. Horrek, Usakora iristen den Herribusaren zerbitzua aurreratzea eragin du. Berez, ekainaren 25ean abiatu asmo zen Herribusaren zerbitzu berezi hori, baina 20ra aurreratzea erabaki dute udal arduradunek.

  Asteazkenetik aurrera, Herribusak bi buelta egingo ditu Usakora, beti ere, astelehenetik ostiralera. Ugarkaldetik 16:00tan eta 19:30tan abiatzen diren zerbitzuak Usakoraino joango dira. Ordu erdi beharko da bertara iristeko eta Ugarkalderainoko itzuli osoa egiten ordubete. Usakorainoko zerbitzua etzi asteazkenean hasiko da eta abuztuan etengo da, oraindik zehaztu ez den egunean. Izan ere, Herribusak ordutegia pitin bat moldatzen baitu abuztuko tarteko asteetan eta goizez bakarrik ibili ohi da. Baina ordutegi aldaketa hori noiz egingo den zehazteke dago, esan bezala.

  Usakoraino luzatzen den udako zerbitzu berezi honen ordutegia Herribuseko geltokietan jarri diren zutabeetan ikusgai izango da.

Iturria: Oñati Irratia