Asteartean amaitzen da etxe partikularretan udalak su detektagailuak jar ditzan eskaera epea

2017/10/25
Aurtengo kanpainan 9 eskaera jaso dira

  Deialdia, bakarrik edo beste lagun batekin bizi diren 80 urtetik gorako herritarrei zuzenduta dago. Edo gazteagoak izaki, mendekotasun, bakardade edo arrisku egoeran bizi direnek ere su detektagailua jartzeko laguntza eskuratu dezakete, baldin eta udaleko Ongizate Batzordeak dagokion balorazioa eginda, halakoa egokia dela erabakitzen badu.

  2010ean onartu zen etxebizitza partikularretan su detektagailuak jartzeko udal ordenantza, baina 2012az geroztik, urtero egin da eskaera berriak jasotzeko kanpaina. Iazko urte amaieran egin zen azken errebisioaren arabera 151 etxetan daude su detektagailuak. Gehienetan detektagailu bakarra dago baina 26tan bina eta beste bitan, hiruna detektagailu daude instalatuta. Su detektagailuak, etxearen tamainaren arabera eta sua sortzeko foku arriskutsuen arabera jartzen baitira, batzuetan, esan bezala, bat baino gehiago.

  Su detektagailuak jartzeko kanpaina hau, 80 urte beteta izan eta etxean bakarrik edo 80 urte dituen beste lagunen batekin bizi direnei zuzenduta dago. Interesa duenak, eskaera, Gizarte Zerbitzu departamentuan egin behar du, Bidebarrieta kaleko 12an. Bertaraino joateko arazoak dituenak, telefonoz ere egin dezake: 943.037700 zenbakira deituta. Eskaerak egiteko azken eguna, asteartea, urriaren 31a izango da.

  Eskaera egiten duten herritarrek, instalazioa egingo dien teknikoen bisita jasoko dute etxean. Ke detektagailua instalatu aurretik sua sortzeko arrisku fokuak identifikatuko eta prebentziorako oinarrizko gomendioak emango dira. Etxearen krokisa egingo dute, beharra balego ebakuazioa erraztu eta arintzeko. Azken urratsa berriz, beharrezkoak diren su detektagailuak jartzea izango da. Udalak bere gain hartuko du bai su detektagailuak jartzearen kostua eta hauen ondorengo mantenu gastua ere.

Iturria: Oñati Irratia