Oñatiko udala

Aste Santuko jai egunetan, herriko turismo eskaintza zabalduko da.

2013/03/26
Card image cap
Turismo bulegoan, unibertsitatea eta parrokia ezagutzeko bisita gidatuak egingo dira eta Arrikrutzen, ordutegia luzatuz, azken bisita, arratsaldeko 6retan egin ahal izango da.

  Hasi dira lehen bisitariak gurera hurbiltzen baina Aste Santuko turismo eskaintza berezia, ostegunetik aurrera egingo da bai turismo bulegoan eta baita Arrikruzko koban ere.

  Turismo bulegoan, ostegunean, zapatuan eta domekan, Sancti Spiritus eta Mikel Goiaingeruaren Parrokia ezagutzeko bisita berezik programatu dira. Ostegun Santu egunez, bisita, birritan egin ahal izango da, eguerdiko 12 eta erdietan eta arratsaldeko 5etan. Zapatuan eta domekan berriz, aukera bakarra izango da, eguerdiko 12.30tan. Herri guneko bi eraikin berezi hauek ikusteko aukera ematen duen bisita gidatuak, 75 minutuko iraupena du eta turismo bulegoan bertan kontratatu behar da.

  Ostiral santu egunez, berriz, Sancti Spiritus unibertsitatea ezagutzeko bisita gidatu berezia egingo da, hau ere, birritan, eguerdiko 12.30 eta arratsaldeko 5etan. Bisita hau laburragoa da, 40 minutukoa.
Aste Santuko jai egunetan, turismo bulegoak ordutegi berezia ere izango du: ostegunetik domekara, goiz eta arratsaldez irekiko da: 11.00-14.00 eta 16.30-18.30. Pazko astelehenean berriz, goizeko 10.00-14.00 soilik.

  Arrikrutz-ko kobetan ere ordutegia egokituko dute, bisita ordutegia luzatuz. Hala, Aste Santuan zehar, goizeko lehen bisita 10.30tan hasiko da eta azkena, ordubatetan baina arratsaldez, lehen bisita 3.30tan izango da eta azkena, eta berrikuntza hori da, arratsaldeko 6etan. Ordu puntuetan egiten diren bisitak gazteleraz izan ohi dira eta t’erditan hasten direnak berriz, euskaraz. Aipagarria da, urtean zehar Arrikrutzko kobak astelehenetan ixten badira ere, Pazko astelehenean irekita izango direla.

  Eta pazko aste horretan hasiko dira berriro haur eta familiei zuzendutako Espeleotxiki bisita bereziak. Apirilaren 4an egingo da lehena. Baina horretarako taldea aspaldi osatu zenez, hurrengo egunerako, apirilaren 5erako beste bat antolatu da. Bigarren bisita hau osatzeko lekua badago oraindik. Interesa dutenek, bai espeleotxiki bisitan parte hartzeko, nahiz koba ikusteko ohiko bisitetan parte hartzeko, aurrez, erreserba egin behar dute: 943.082000 telefono zenbakira deituta.

  Eta Arrikrutz aipatu dugunez, zuzenketa txiki bat ere bai, bertako aparkalekuraino sartzen den Arantzazurako autobus zerbitzuaren inguruan. Igande eta jaiegunetan Arantzazura joan-etorrian ibiltzen diren autobusak birritan sartzen dira Arrikruzko aparkalekura: igoeran, Oñatitik, goizeko 10 eta erdietan abiatzen dena eta jaitsieran, Arantzazutik ordubata eta laurdenetan abiatzen dena. Autobusen ordutegien paperean zegoen akatsa zuzenduz, gogoan hartu, Arantzazutik eguerdiko ordubata eta laurdenetan abiatzen den autobusa, Arrikrutzeko aparkalekura sartzen dela.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!