Askapena auzia salatu eta inputatutako euskaldun internazionalistekiko elkartasuna adieraziz mozioa onartu zen azken Osoko Bilkuran

2015/10/09
Idatzia, aho batez onartu zen

  Espainiako fiskaltzak Askapena erakunde internazionalistaren kontra hasitako auzia salatuz mozio idatzia aurkeztu eta onartu zen iraileko Osoko Bilkuran.

  Idatzian, Askapena, Askapeña, Herriak Aske eta Elkar Truke elkarteen aurkako auzia elkartasun internazionalista eta eskubide sozial eta politikoen kontrako erasotzat jotzen da. Horren haritik, elkartasun internazionalista bultzatzeko lanean diharduten erakunde eta pertsona guztiekiko babesa azaldu du Udalbatzak. Inputatutako bost euskaldun internazionalistekiko elkartasuna adierazten da eta auziperatutako elkarte eta taldeen lana ez oztopatzea eskatzen da. Bide batez, Walter Wendelin, Gabi Basañez, Unai Vazquez, Aritz Ganboa eta Dabid Soto euskaldunak absolbitzea eskatzen da, dagozkien eskubideak itzuliz eta zor zaien erreparazioa emanez.

  Hamar egun barru, urriaren 19an hasiko da Askapena auziko epaiketa Auzitegi Nazionalean. aipatu bost lagunentzat, seina urteko kartzela zigorra eskatzen da.

  Auzia salatu eta inputatuei elkartasuna adierazteko mozio idatzia EH Bilduk aurkeztu zuen arren, jeltzaleak ados azaldu ziren eta Askapenaren kontrako prozesuarekiko erabateko gaitzespena adierazi zuten. Miren Elgarresta bozeramaleak idatzi osagarri bat irakurri zuen, epaiketak oinarri juridikorik ez duela esanez eta beste garai bateko Egunkaria edota 18/98 sumarioa gogorarazten duela salatuz. Udalbatzak, aho batez onartu zuen Askapena auziaren inguruko mozioa.

Iturria: Oñati Irratia