Asilo-eskatzaileentzako lehen harrerako aterpetxea Oñatin, Larrañako barnetegian kokatuko du Jaurlaritzak

2018/09/13
Card image cap
Iraila amaitu baino lehen zabalduko den aterpetxerako langileak hautatzeko prozesua martxan du CEAR-Euskadi elkarteak

  Iraileko bigarren hamabostaldian irekiko du Eusko Jaurlaritzak Euskadin nazioarteko babesa eskatzen duten pertsonentzako lehen harrerako aterpetxea, Larrañako barnetegia izan zenekoan. Zentroak 100 lagunentzako lekua izango du eta CEAR-Euskadik kudeatuko du. Aterpetxearen helburu nagusia izango da, egoera argitzeko zain dauden eta nazioarteko babesa eskatu duten pertsonei eta familiei ostatua eta orientabidea eskaintzea. Salbuespen gisa, eta premia bereziko egoerak ematen direnean, Euskadira iritsi berri eta babesgabetasun egoeran dauden diren migratzaileak hartuko dira zentroan.

  Aterpetxeak 100 plaza dituen arren, beharra sortuz gero, jende gehiago hartzeko lekua eskaintzen du. Pertsona batek zentroan hiru hilabete igaro ahal izango ditu, baina irizpide teknikoen arabera, epea luzatu edo laburtu daiteke. Zentroaren kudeaketaren zuzendaritzaz CEAR-Euskadi eta Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkaritza Nagusia arduratuko dira, Eusko Jaurlaritzarekin harremanetan. Oñatiko Udalarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean ere ari dira.

  Udalak, 2015ean, Oñatin errefuxiatuak hartzeko zeuden aukera ezberdinak zerrendatu zituenean Larrañako barnetegia aipatu zuen, 2003an itxi zenetik hutsik baitago. Eusko Jaurlaritza horren jakitun zen eta pasa den astean, zituzten asmoen berri azaltzeko, udal ordezkariekin harremanetan jarri ziren.

  Aldi berean, aterpetxearen kudeaketa zuzena eramango duen CEAR-Euskadi elkarteak martxan jarri du zentroan arituko diren langileak hautatzeko prozesua. Sei langile kontratatzeko deialdiak egin ditu: zuzendaria, gizarte integraziorako teknikaria, gizarte teknikaria, gobernari edo mantentze eta garbitasun arduraduna, administraria eta kontserjea. Bete beharreko lanpostuari dagokion formazio akademiko zehatza eskatzen da, baita euskara jakitea ere. Ingelesa, frantsesa eta arabiera jakitea ere kontutan hartuko da lanpostu batzuetan. Interesa dutenek curriculumak CEAR-Euskadi elkartera bidali behar dute honako helbide elektronikora: info@cear-euskadi.org, hori bai, lehenbailehen egin behar dute, izena emateko azken eguna domeka, hilaren 16a izango baita. Informazioa udaleko web atarian zintzilikatu da.

   Eusko Jaurlaritzak Oñatin zabalduko duen aterpetxe honekin, asilo eskatzaile eta errefuxiatuek bizi duten babesgabetasun egoerari erantzun nahi zaio, asilo eskatzaileek bere egoera argitu bitartean prozesu luze bati egin behar baitiote aurre. Tarte horretan ostatua eta orientabidea emango zaie Oñatin.    

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!