Asier Egañaren argazki batek irudikatuko du 2016ko udal egutegiaren azala

2015/11/16
Card image cap
Herritarrek bidalitako 66 argazki eta ilustrazioen artean 12 aukeratu dira

  Inprentan dago jada 2016ko udal egutegia. Kalendarioak itxura berria izango du; hilabeteko orri bat eta honi laguntzen irudi bana izango ditu. 12 irudi horiek hautatzeko herritarren laguntza eskatu zen eta 13 egileren 66 argazki eta ilustrazio jaso ziren. Guztien artean aukeraketa egin da eta 12 hautatu ez ezik, horien artean azala irudikatuko duena aukeratu da.

  Unibertsitateko klaustroan dantzan edo jiraka dabilen neskatilaren irudia da datorren urteko egutegia irekiko duena. Azalean ez ezik, ekainari dagokion orrialdean ere agertuko da. Asier Egaña da argazkiaren egilea eta sari gisa 150 Txantxi jasoko ditu. Asierrek berak ateratako beste bi argazki ere argitaratuko dira 2016ko egutegian baina baita beste argazkilari batzuenak ere, eta bestelako irudiak, noski; Unaimendi elurtuta, Aitzulo, Artixa, dantzariak plazan edo Kantoikriteko partaide baten argazkiak ikusiko ditugu. Horiek guztiak Euskaraz gara lema nagusia izango duen 2016ko egutegia irudikatuz argitaratuko dira egilearen izen-abizenekin.

  Udal egutegiaren 700 ale inprimatuko dira eta ohikoa denez,  udal zerbitzu, ikastetxe, denda eta bestelako lokal publikoetara banatuko dira abenduko zubiaren ondorengo egunetan. Sobran geratzen direnak berriz, Turismo Bulegoan jarriko dira salgai.

  2016ko udal egutegia Ezkio Itsasoko ADAKI inprimategian egiten ari dira. Aurrekontua berriz, 2400 euro pasatxo izango da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!