Asanbladak eta alternatibak lan ildo nagusien inguruan osatu da Euskal Herriko gaztetxe eta gazte asanbladen arteko topaketetarako egitaraua

2016/01/21
Card image cap
Topaketok, otsailaren 19-20 eta 21ean Oñatin egingo dira

  Asanbladak eta alternatibak lan ildo nagusiak, iaz Laudion egin ziren topaketetan baina bereziki Oñatikoak antolatzeko Durangon eta Bilbon egin diren bi bilera irekitan behin eta berriz errepikatu dira.

  Asanbleden inguruan, funtzionamendua, sortzen diren harremanetan parekidetasunik ba ote dagoen, belaunaldi aldaketak nola kudeatu, harreman horizontalagoak lortzeko bideak edota gueto izaera nola ekidin daitekenari buruzko kezka eta zalantzak behin eta berriz agertu dira. Alternatibarena berriz, gazte mugimenduan oso presente dagoen gaia da. Gaztetxeak egungo sistema kapitalista eta patriarkalaren alternatiba gisa ikusi arren, zailtasunak izaten baitira gaztetxe, asanblada eta autogestiotik, bestelako aisialdi eredu batetik haratagoko erantzunak ematea. Zailtasun horien aurrean zein aukera dauden landuko da Oñatin egingo diren topaketetan. Otsailaren 20rako, esaterako, asanblada eta alternatibaren inguruan bloke eztabaidak egingo dira. Baina topaketetan, mahai inguruak, dokumental emanaldiak, erresistentzia tailerrak eta musika zuzenean ere izango da.

  Otsaileko hirugarren astebururako egitaraua prest dago. Eta izen ematea ere ireki da. Euskal Herriko gaztetxe eta gazte asanbladen arteko topaketa hauetan parte hartu nahi dutenek izena mailez eman behar dute honako helbidean: antixenakogaztetxia@gmail.com . Asteburuko bonoa 10 € ordaindu beharko da Oñatin bertan.

  Topaketa hauetara Euskal Herri osotik jende asko etortzea espero da eta horregatik, Udalaren laguntza eskatu dute Gaztetxetik. 300 lagunentzako aulki eta mahaiak, kiroldegiko dutxak doan erabili ahal izatea eta lotarako, Gaztelekuko sotoa uztea eskatu dute. Udalak, eskatutakoa onartu du baina Gaztelekuko sotoa erabiltzea, ohiko jardunari oztoporik ez egiteko baldintzapean onartu da.

  Hilabete falta da oraindik Euskal Herrik gaztetxe eta gazte asanbladen arteko topaketak Oñatin egin daitezen baina antolakuntza oso aurreratuta dago jada.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!