Oñatiko udala

Artzaintzari buruzko argazki lehiaketa antolatu da Debagoieneko Artzainen Laugarren Egunaren baitan

2016/03/17
Card image cap
Lanak apirilaren 10a arte bidali daitezke

  Debagoieneko Pastoriek Taldeak antolatu du argazki lehiaketa hau. Eskualdeko 7 gazta ekoizlek osatzen dute taldea eta urteak daramatzate promozio jarduerak gauzatzen. Horietako bat da Debagoieneko Artzain Eguna. Aurtengoa laugarrena izango da eta apirilaren 30ean Eskoriatzan ospatuko da. Egun berezi horri begira deitu da Debagoieneko artzaintzari buruzko argazki digital lehiaketa hau.

  Edonork parte hartu dezake baina zaletu bakoitzak gehienez bi argazki aurkeztu ahal izango ditu. Argazkiak JPG formatuan, gutxienez 1600 x 1200 pixeleko erresoluzioarekin. Koloretako nahiz zuri beltzeko irudiak onartuko dira.
Lanak honako helbide elektroniko honetara bidali behar dira: debagoienekopastoriek@gmail.com  Argazkiekin batera, egile eta irudiari buruzko hainbat argibide ematea eskatzen da. Argazkiari izenburua jarri behar zaio eta egilearen izen-abizenak, adina, herria eta harremanetarako telefono edo maila adierazi behar dira. Argazkia non eta noiz egin zen laburrean azaltzea ere eskatzen da.

  Jasotako lan guztiek Mankomunitateko Turismo Departamentuak duen facebook orrialdera igoko dira eta atsegin dut klikatuz, ikusleak izango dira gustukoen dituzten argazkiak aukeratuko dituztenak. On line galerian boto gehien jasotzen duten 20 argazkiak paperean inprimatuko dira eta Eskoriatzan ikusgai jarriko dira apirilaren 30ean. Izan ere, bi sari banatuko baitira Debagoieneko artzaintzari buruzko argazki lehiaketa honetan: bat, facebooken boto gehien lortu dituen argazkiaren egilearentzat izango da eta bestea, Eskoriatzako plazara hurbiltzen direnen botoz aukeratzen denarentzat. Sarituek Debagoieneko Jardunaldi Gastronomikoko bi bazkari edo afari menu eta Idiazabal Jatorrizko Izendapenaren eskutik produktu sorta bana jasoko dute.

  Zabalik dago jada Debagoieneko artzaintza gaitzat duen argazki digitalen lehiaketara lanak aurkezteko epea. Apirilaren 10a izango da lanak bidaltzeko azken eguna.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!