Arte udalekuetan begirale izateko izen-ematea zabalik dago

2017/06/01
Bi begirale kontratatuko dira uztailaren 1etik 30era

  Aldi baterako lanpostu hauetara aurkezteko oinarrizko baldintza batzuk bete behar dira: kontratua egitean 18 urte beteta izatea, Arte Ederretako graduaren lehenengo bi ikasturteak gutxienez gaindituta izatea eta EGA edo 3. hizkuntza eskakizunaren pareko euskara maila izatea. Udaleku irekietan eta uda kanpainan arituko diren begiraleei bezala, arte udalekuetakoei ere, sexu delitugileen erregistro zentaleko agiri negatiboa aurkeztea eskatuko zaie estreinako aldiz. 
Horrezaz gain, 4. hizkuntza eskakizunaren maila izatea, arte udalekuetako begirale gisa aritu izana edota artearen inguruan irakasle lanak egin izana bereziki baloratuko dira. Lan esperientzia  eta formakuntza osagarriari dagozkion agiriak eskaerarekin batera aurkeztu beharko dira meritu gisa baloratzeko.

  Arte udalekuak LH3. mailatik DBH 3. maila bitarteko gaztetxoei zuzendutako aisialdi ekintza da eta uztailaren 3tik 28ra egingo dira, goizez. Hasieran 15 laguneko taldea osatzea aurre ikusten zen baina 21 lagunek eman dute izena. Guztiak onartu edo taldea mugatzea erabakitzeke dago oraindik. Arazoa tokia da. Baina aldi berean, monitore banarekin lanean ari diren bi talde moldatu ote daitezkeen aztertzen ari dira Haur eta Gazteria departamentuan. Partaideen arazo hori bideratu bitartean ordea, begiraleen kontratazio prozesua abiatzea erabaki eta horregatik, interesa dutenentzat izen-emate epea ireki da ekainaren 9ra arte.

  Arte udalekuetan arituko diren begiraleei hilabeteko lan kontratua egingo die udalak,uztailaren 1etik 30era. Deialdiari buruzko xehetasunak, udal web atarian ikusi daitezke edo udal bulegoetan eskuratu. Eskaerak ere udal bulegoetan aurkeztu behar dira.

Iturria: Oñati Irratia