Arropen azoka plazako jolaslekura itzuliko da bihar

2020/06/12
Fruta eta barazkien azoka Zubikoa kantxa urdinean egingo da, azkeneko aldiz

  Covid-19aren ondorioz hainbat astez etenda egon den arropa eta ehunkien azoka bihar itzuliko da, eta ohi bezala plazako jolasgunean egingo da, salmenta postuen arteko segurtasun distantziak bermatuta. 14 saltzaile etorri ohi da Oñatira arropa, oinetako eta bestelako osagarriekin. Hauen kokapen berria zozketaz erabaki da eta halaxe jakinarazi zaie.

  Arropa eta ehunkien azoka plaza ondoko jolasgunera itzuliko da bihar baina fruta eta barazkien azoka kiroldegian, kantxa urdinean egingo da, aurreko asteetan bezala. Baina biharkoa azkena izango da, hurrengo zapatuan hau ere plaza irekira bueltatuko baita.

  Erosle gehien pilatzen dituzte frutategiak eta Bolu landara saltzailea San Juan kalearen barrenera aldatuko dira, Gaztelekua eta Parrokia arteko gunera, hain zuzen. Gainontzeko postuak, baserritarrenak, ogi, gazta, bakailao saltzaileak eta abar, azoka plazan kokatuko dira, baina hauek ere, segurtasun distantziak gordeta eta leku banaketa berri batekin. Xehetasun guztiak zehazten ari dira udal teknikariak. Baina aldaketa hori datorren astean, ekainaren 20an gauzatuko da. Bihar, Zubikoako kantxa urdinean izango dira oraindik.

Iturria: Oñati Irratia

(Arg: Goiena)