Arrola eta Arranoaitzera mendi irteera antolatu du domekarako Arantzazuko Parketxeak

2019/09/11
Card image cap
Aizkorri-Aratz natura parketik kanpora antolatu duen lehen irteera da

  Aizkorri-Aratz natura parkea ezagutzera emateko asmoz ekin zioten mendi irteerak antolatzeari Arantzazuko Parketxeak eta Arantzazuko adiskideak elkarteko kideek. Arantzazu inguruko parajeetatik barrena lauzpabost irteera antolatu dituzte urteetan, udaberri eta udan, hilean behin. Domekan ordea, natura parkea utzita Oñatiko beste mendi inguru batera joango dira: Arrola eta Arranoaitzera. Bertatik, hori bai, Aizkorri eta Aloña ingurua aurrez aurre ikus daiteke, Oñatiko beste mugalde bat ezagutzearekin batera. Izan ere, Arrola eta Arranoaitzeko tontorrak Oñati, Legazpi eta Antzuola herrien artean kokatzen baitira eta bi bailaretako ikuspegi zoragarria eskaintzen dute.

  Domekakoa, Arantzazuko Adiskideen eta Arantzazuko Parketxearen eskutik aurten antolatu den laugarren mendi irteera izango da, urteko azken aurrekoa.

  Mendizaleak 8:30etan elkartuko dira Unibertsitate zaharraren aurrean eta bertatik ekingo diote bideari. Zailtasun ertaineko ibilbidea dela jakinarazi dute antolatzaileek eta publiko orokorrari zuzenduta dago. Guztira 15 km eta 700 m inguruko desnibela duen ibilbidea osatuko da, bospasei ordutan. Ibilbidean zehar iturririk ez dagoenez, ura eramatea gomendatzen dute, baita oinetako eta arropa egokiak eta gailurrerako hamaiketakoa ere. Eguraldiaren arabera ibilbidea alda daitekeela ere adierazi dute antolatzaileek.

  Arantzazuko Parketxeak eta Arantzazuko adiskideak elkarteak antolatzen dituzten mendi irteera hauetan parte hartzeko aurrez izena eman behar da, parketxera telefonoz deituta: 943 782 894 zenbakira. Prezioa berriz, 3 euro pertsonako da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!