Argiteria lan ezberdinak eta 2016ko aurrekontuak aztergai izango dira gaurko Tokiko Gobernu Batzarrean

2015/10/08
Card image cap
Lan zerrendan 34 gai jaso dira

  Eta 34 gai horietatik hiruk argiteriari egiten diote erreferentzia: argiztapena hobetu eta energia kontsumoa gutxitzeko argiteria sistema adimenduna hornitzeko lizitazioa martxan jartzea, Errekalde auzoko irisgarritasun obren baitan 5. areako argiteria berritzeko lanak egitea eta Ugarkalde eta Olabarrieta auzoen artean argindar instalazioa egitea. Azken lan hauek oso aurreratuta dauden bidegorria eratzeko lanak osatuko dituzte.

  Olabarrietan bertan autobus geltokia eraikitzeko Gabika enpresak aurkeztu duen aurrekontu proposamena ere aztertuko da gaurko Tokiko Gobernu Batzarrean.

  Aurrekontuekin jarraituz, Udalak 2016an izango dituenak zehazteko herritarren partaidetza nola bideratuko den azalduko da gaurko bileran. Urriko Kontzejupetik aldizkariarekin batera partaidetzazko aurrekontuak informazio eta ekarpen orria zabaldu da. Herritarrei beren proposamen eta ekarpenak egitera gonbidatzen zaie. Banatu den papera beteta udal eraikin ezberdinetan jarriko diren postontzietan utzi ahal izango dira. Horretarako azken eguna urriaren 26a izango da baina aurretik, eta herritarrek udal aurrekontuak egiterakoan zein irizpide jarraitzen diren jakin dezaten, bilera informatibo irekia egingo da hilaren 15ean. Guzti horren berri emango da gaurko Tokiko Gobernu Batzarrean.

  Ikasturte berria dagoeneko martxan den honetan bestalde, Natur Eskolak osatu duen 2014-2015 ikasturtearen balantzea aurkeztuko da.

  Jaixetako etenaren ondoren, Udal Gobernu Taldeak osteguneroko bilerei ekingo die gaur arratsaldean. Batzarra, 18.00tan hasiko da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!