ARGI Festibala abian da

2019/04/04
Card image cap
Oñatin argazkigintza garaikidearen sorkuntza eta zabalkundea sustatu eta Oñati, Arantzazu eta euskal argazkilaritza estatuko eta nazioarteko argazkigintzan kokatzea da festibalaren norabide bikoitzeko helburua

  Ilunpetan Argazki Taldeak bi urtetik behin antolatzen duen argazki festibala bihar hasiko da. Argazkigintza garaikidea zabaltzea du helburu eta laugarren edizio honetarako ere egitarau bete-betea prestatu dute: 9 erakusketa, BookJockey saioa, zinekluba, tailer bat eta Gabriela Cendoya-Bergarecheren argazki-bildumaren zati bat publiko guztiaren begien bistan jartzea. Hori da aurtengo edizioaren berrikuntzetako bat, bestea, Arantzazun egin den egoitza artistikoa da.

  Bihar hasi eta hilabeteko epean, 7 erakusketa izango dira herriko txoko ezberdinetan ikusgai. Xabier Atxa arrasatearrek GU proiektua aurkeztuko du Berdura plazako paretak erabiliz. Aitziber Orkolaga donostiarrak PLAKETAK izeneko lanarekin paisaia eta memoria uztartuko ditu. formatu handiko lanak dira eta Foruen enparantzan egongo dira ikusgai. Mendi Urruzuno oreretarrak, BARRUBASO erakusketan, teknika eta formatuak konbinatuz bere aitaren gaixotasuna lantzen du, barruko unibertso poetikora hurbilduz. Antixena parkean jarriko da. Nagore Legarreta hernaniarrak IBAIA EZ DA TOKI BAT: ODRA erakusketan iazko udan Polonian, metalezko latak erabiliz egindako kamera estenopeikoen bidez ateratako argazkiak bildu ditu. Hau ere plazan egongo da ikusgai. Eta Eltzian berriz, BESTE BEGIRADA BAT erakusketa kokatuko da. Orain gutxi Oñatira iritsi diren hainbat errefuxiatuk egin duten argazki bilduma honetan Oñati herria nola ikusten duten azaltzen dute. Gainera, herriko dendetako erakusleihoetan ARGIZAIOLA lehiaketako saridunak ikusteko aukera izango da, beste urte batez. Eta beste urte batez baita ere, ISPILUAK erakusketa klasikoa jarriko da herriko txoko ezberdinetan. Garai bateko argazkiak ikusi ahal izango ditugu, gaur, leku beretik behatuta. Erakusketa hau larunbatean hasiko da.

  Apirilaren 12an berriz, Gandiaga topagunean, Arantzazun egonaldi artistikoa egin duten Elisa Gallego Picard-ek eta Antonio Guerrak osatu dituzten lanak ikusgai jarriko dira, hilabetez. Bookjockey ekitaldia ere izango da datorren astean, hilaren 13an. Daniel Garcia Valerok V de Bergara lana aurkeztuko du udaletxeko arkupean. Apirilaren 22an, San Telmo museoko Gabriela Cendoya funtsari dagozkion hainbat lan liburutegian jarriko dira ikusgai. Gabriela Cendoya bera ere Oñatira hurbilduko da hilaren 30ean, solasaldia izango baita liburutegian bertan. Ikasturteko azken zine klub emanaldian bestalde, Joana Biarnes argazkilariari buruzko dokumentala emango da eta maiatzaren 17tik 19ra azkenik, Akatsaren poetika tailerra egin ahal izango da Nagore Legarretarekin, Eltzian.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!