Araotzeko eskola ostatu gisa egokitzeko lanak prozedura ireki sinplifikatuz kontratatuko dira

2019/01/28
Card image cap
Lizitazioa abiatzea, osteguneko plenoan aztertuko den hitzarmenari lotuta dago

  Araotzeko neska eskola ostatu bihurtzeko lanen exekuzio-proiektua Koldo Etxegarai arkitektoak osatu du. Urtarrilaren 7an, lehen faseko lanei dagokion aurrekontua onartu zen eta lanak esleitzeko baldintza plegoa zehaztuta kontratazio espedienteari hasiera ematea erabaki da.

  Lanek 298.000 €ko aurrekontua izango dute eta prozedura ireki sinplifikatuz esleituko dira. Baldintza plegoaren arabera, esleipenerako irizpide nagusia eskaintza ekonomikoa izango da, 100 puntutik 75 eskuratzeko aukera emango baitu. Gainontzeko 25 puntuak irizpide subjetiboen arabera emango dira. Lanak, 6 hilabeteko epean egin beharko direla ere zehazten da baldintza plegoan.

  Orain esleitu nahi den lanen lehen fase honetan oinarrizko azpiegitura egingo da Araotzeko eskolan, eraikina erabiltzeko moduan utziz. Egun oin bakarra duen eraikinean bi solairu egingo dira eta behekoan, taberna, sukaldea eta jangela prestatuko dira, eta ahal izanez gero, mugikortasun urria dutenei egokitutako apartamentu txikia. Beranduago egingo den bigarren fasean, beste bi apartamendu egokituko dira goiko solairuan. Araotzeko eskola ostatu bihurtzeko lanek hiru zutabe edo euskarri ekonomiko dute: auzoa, udala eta Eusko Jaurlaritza. Gasteizko erakundeak 147.000 €ko dirulaguntza onartu du landa-eremuak sustatzeko eta garatzeko ataletik.

  Araotzeko eskola ostatu bihurtzeko lanen kontratazio espedientea abiatu bada ere, deialdia ez da ostirala baino lehen egingo, gutxienez, udala eta auzoaren arteko hitzarmenari lotuta baitago eta hitzarmen hori osteguneko Osoko Bilkuran aztertuko baita. Lanen finantzazioa, eraikinaren lagapena eta beste zenbait puntu biltzen dira udalbatzari aurkeztuko zaion hitzarmen honetan, Oñatiko udala eta Araotzeko auzoaren arteko hitzarmen horretan.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!