Araotzeko errepidea zabaldu eta egokitzeko lanak esleitzeko prozesua martxan du Diputazioak

2018/07/17
Proposamenak aurkezteko epea uztailaren 23an amaituko da eta lanak hasterako iraila izango da

  Jakinekoa zen, hala iragarri zuelako Foru Aldundiak berak, Araotzeko errepidea zabaltzeko lanak urteko bigarren seihilekoan burutuko zirela.  Une honetan lanen lizitazioa martxan da eta esleipena egin eta lanak hasterako, iraila-urria izango da seguruenik. Lanak egiteko berriz, 10 asteko epea mugatu du Diputazioak.

  Araotzeko auzotarren eskaera da GI 3592 errepidea zabaldu eta bi ibilgailu pasa ahal izateko egokitzea. Araotzeko errepideak ia 4.5 Km-ko luzera eta, batez beste, 4,50 metroko zabalera dauka; trazatu bihurgunetsua eta estua izateaz gain, aldapa handia du hasierako zatian. 2010ean drainatze eta euspen elementuak hobetzeko lanak egin zituen diputazioak errepidean baina ez zitzaion zabalera handiagorik eman. Orain, hobetze lanei jarraipena emango zaie, araoztarren eskaerei kasu eginda. 250 metrotan errepidea zabaldu eta egokituko da. Konkretuki, 1,065 eta 1,300 kilometro puntuen artean 5,40 metroko zabalera emango zaio errepideari, segurtasuna hobetzen. Izan ere, gaur egun bide tarte horretan ezin dute bi ibilgailuk gurutzatu, bazterbiderik ere ez baitago. Horregatik, bi ibilgailu aurrez aurre suertatzean arrisku egoerak sortzen dira.

  Araotzeko errepidea hobetzeko lanen artean, hasierako tartean, mendia hondeatuko da eta harri horma egonkortuko da hormigoizko geruza, burnizko sare eta buloiekin. Drainadura sarea berritzeko hormigoizko areka berria egingo da eta, gaur egun dagoen manposteriako petrilaren ordez harlangaitzezko petril berria egingo da 235 metroko luzeran. Bukatzeko, lanak egingo diren bidearen goialdeko zatian zorua eta seinalizazioa berrituko dira eta azken 100 metrotan betelana egingo da.

  Proiektuaren aurrekontua 160.000 € da eta lanak, eskaintza merkeenari esleituko zaizkiola argitzen du Foru Aldundiko Bide Azpiegitura departamentuak argitaratu duen iragarkiak. Enpresen proposamenak jasotzeko epea uztailaren 23ko 18:00tan amaituko dela ere zehazten da.

Iturria: Oñati Irratia