Oñatiko udala

Araotzeko errepidea beste hamar gauetan itxiko da Leuzarreko lanak arintzeko

2019/02/18
Card image cap
Pasa den asterako emandako baimena luzatu egin dio Foru Aldundiak enpresa bidegileari

  Otsailaren 17tik 21era eta 24tik 28ra 22:30tatik goizeko 05:30ak arte, Araotzeko bidea trafikorako itxiko da.

  Urtarrilaren 18an hasi ziren Araotzeko errepidea zabaltzeko lanak. Orduz geroztik, errepidea tarteka itxi da astelehenetik ostiralera, 09:00tatik 12:30tara eta 14:30tatik 17:30tara. Obrak atzeratuta zeudela ikusita, gauetan ere lan egiteko baimena eman zuen Diputazioak eta pasa den astean, domekatik ostegunera gauez ere aritu ziren lanean. Emaitzak ikusita, beste bi astez hala jarraitzeko baimena berritu du Foru erakundeak. Ondorioz, beste hamar gauetan errepidea itxi egingo da.
Baina gauetan ez ezik, egunez ere errepidea tarteka itxi eta lanean jarraituko dute. Errepide itxiera hauen jakinarazpena auzotarrei puntualki egin die Auzo elkarteak.

  Araotzeko errepidea zabaltzeko lanak lehen kilometroa pasata egiten ari dira, Leuzarra moduan ezagutzen den parajean. Errepidea estua denez oinarrizko lan estrukturalak bidea trafikorako itxita dagoela egiten ari dira, langileen eta bidaiarien segurtasuna bermatzeko. Lanak amaituta errepideak ia bost metro eta erdiko zabalera hartuko du eta bi ibilgailu pasatzeko nahikoa leku izango du.

  Araotzeko errepidea zabaltzeko lanen baitan, mendia hondeatu eta harri horma egonkortu da, hormigoizko geruza, burnizko sare eta buloiekin. Drainadura sarea berritzeko hormigoizko areka berria egingo da eta manposteriako petrilaren ordez harlangaitzezko petril berra eratuko da 235 metroko luzeran. Lanok egiteko 10 asteko epea eman zen baina atzeratuta dabiltza. Horregatik, gauetan ere lan egiteko baimena eman du Diputazioak. Gauzak ondo, martxo akaberarako amaituko dira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!