Arantzazuko Santutegiko fatxadan mantenu lanak egingo dira

2017/05/24
Apostoluen eta Pietatearen inguruko harria zainduko da pitzadurak konpontzeko

  Arantzazuko Santutegiko fatxada nagusia leku laiotz eta umelean dago. Bertako irudi artistikoak egiteko erabili zen harria ere oso berezia da, gogorra baina hezetasuna barneratzen duena. Horri hotza batu ezkero, izotza sortu eta harria pitzatu eta apurtzeko arriskua dago. Horregatik, 8-10 urtean behin mantenu lanak egiten dituzte. Azkenak 2009an egin ziren. Eta orduan bezala, oraingoan ere, Petra kooperatiba elkarteak egingo ditu mantenu lan hauek.

  Arantzazuko Santutegiko fatxada nagusian aldamioak jartzen hasi ziren astelehenean baina mantenu lanak, datorren astean hasiko dituzte. Hilabeteko epean egitea aurre ikusten da. Tarte horretan, Oteizak egindako Apostoluak eta Pietatearen irudiak aztertuko dira, pitzadurarik duten ikusiko da eta hala bada, harri artea garbitu, saneatu eta itxiko da, hotza eta izotzaren eraginez, apurtu ez daitezen. 

  2000. urtean Arantzazuko Apostoluen zaharberritze lan garrantzitsua egin zen. Orduan, tratamentu hidrofugoa egin zen irudietan ura harrian sartu ez zedin eta 9 urte beranduago, haren balorazioa egin zen. Orduan ikusi zen, 8-10 urtean behin halako lanak berritu behar zirela. Izan ere, Jorge Oteizak erabili zuen Markina beltza deitutako harriak ura filtratzeko arazoa baitu. Gogortasun handiko harria da baina zain ugariduna ere bai, eta horrek hamaika arazo sortzen ditu basilikan ez baitu inolako babesgarririk. Leku laiotzean eta euria hartuz daude irudiak eta ondorioz zartatu egiten dira. 2000. urtean, erreten moduko bat ere egin zen irudien inguruan euri-urari bide egiteko baina ez da nahikoa eta horregatik, mantenu lan berriak  egingo dira.

Iturria: Oñati Irratia