Arantzazuko Parketxeak, Frantziskotarren anaidiarekin elkar lanean, “Gandiagan, Gandiaga bila” ekimena antolatu du zapaturako.

2012/07/16
Bitoriano Gandiagaren poesiari eskainitako errezitaldia eta bisita berezia egingo da.

   “Gandiagan, Gandiaga bila” ekintza berezia, Natura, Kultura eta Espiritualtasuna bat egingo dituen ekimen gisa aurkeztu da Arantzazuko Parketxetik.

  Gandiagak lurra, zuhaitzak, harkaitzak, haizea, ura, inguratzen zuen guztia maite zuen eta horietaz mintzo da bere olerkietan. Naturako elementu guzti hauek izan ziren XX. mendeko poeta handiaren inspirazio iturri. Gandiagak, inork baino hobeto adierazten ditu Aizkorri Aratz Parke Naturaleko, eta zehazki Arantzazuko balio naturalak.

  Hala, bere poesia bilduz errezitaldi berezia egitea erabaki da, non eta, Gandiagaren izena hartzen duen eraikinean bertan. Peio Zabala Gandiagaren lagun-min eta fraide-kidea izango da ekitaldiaren aurkezle eta olerkien esatari. Errezitaldian Arantzazu Arabaolaza eta Itziar Ugartek ere parte hartuko dute, poesia ahots gazteagotan errezitatuz, Gandiagaren olerkia gero eta biziago dagoela adieraziz. Baina ekitaldira hurbiltzen den publikoari ere parte hartzeko gonbidapena luzatu nahi die antolakuntzak, denok Gandiagaren poesia lehen pertsonan bizitzeko aukera izan dezaten.

  Ekintzaren bigarren zatian, bisitariari Arantzazuko Interpretazio Zentroko gune ezberdinak ezagutzeko aukera emango zaio beti ere poesia klabean. Hala, lehenengo aldiz, Arantzazuko Parketxea poesian idatziriko gidoi bat jarraituz bisitatzeko aukera izango da.

  “Gandiagan, Gandiaga bila” poesia errezitaldi eta olerkiz jantziriko bisita berezia
Larunbatean, goizeko 11etan hasiko da Arantzazuko Parketxean bertan. Ekitaldia doakoa izango da baina plaza mugatuak izango direnez aurrez erreserba egitea eskatzen da. Horretarako, Arantzazuko Parketxera telefonoz deitzea nahikoa izango da: 943.782894 zenbakira.

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!