Oñatiko udala

Arantzazuko harrobia handitzearen inguruan hainbat herri-ekimen zabaltzen ari dira

2016/10/20
Card image cap
Handitzearen kontrako herritar plataforma bat eratu da, sinadura bilketa abiatu da eta Udalak bilera irekia antolatu du

  Kalean jarri diren kartelen bidez eta sare sozialetan mezuak zabalduz, herritarrei, harrobia handitzearen kontrako plataformara batzeko gonbidapena egiten du Arantzazu Defenda dezagun taldeak. Gomiztegi–Arantzazuko harrobiko esplotazioa bikoizteko helburuz egin den handitze eskaera, Eusko Jaurlaritzak atzera bota dezan, presio taldea sortu da herrian. Ezezko hori azaltzeko hainbat argudio ematen ditu plataformak: eremua ingurumen legeriak babesten duelako: Natura 2000 sarean sartuta dagoelako eta Aizkorri‐Aratz Parke Naturalean kokatzen delako. Halako proiektu batek, bertako bioaniztasuna arriskuan jarriko lukeelako, akuifero garrantzitsuak dituen unitate hidrogeologikoa izanik, egungo ur dinamika guztiz aldatuko lukeelako, harrobia hainbat etxebizitza eta Arantzazuko Santutegitik oso gertu egonik, auzotar zein ibiltarien segurtasuna arriskuan jarriko lukeelako, paisaia inpaktua basatia eragingo lukeelako eta guztion ondare den Arantzazu eta bere ingurunea arriskuan jarriko lukeelako. Arrazoi guzti horiengatik, Arantzazuko harrobia handitzeko proiektuari ezezkoa ematen dio Arantzazu defenda dezagun plataformak. Plataformak prentsaurrekoa egingo du larunbatean Arantzazuko auzo etxean eta herritarrak bertaratzea gonbidatu dira taldeari babesa emateko.

  Arantzazuko harrobia handitzearen kontrako sinadura bilketa kanpaina ere abiatu da change.org-ren bitartez.

  Arantzazuko harrobiaren handitzeak eztabaida sortu zuen azken Osoko Bilkuran. EH Bilduk, handitzearen kontrako mozioa aurkeztu zuen eta gehiengoz onartu zen, EAJko ordezkarien abstentzioarekin. Jeltzaleek harrobia handitzearen kontra daudela esan zuten baina urte eta erdian Eusko Jaurlaritzarekin gestio zuzenik ez egin izana kritikatu zioten udal gobernu taldeari. Horrek, bi alderdien arteko eztabaida sortu zuen. 

  Egun harrobia kudeatzen duen enpresak txosten bat egin du handitzeak naturan zein inpaktu eragin dezakeen jasoaz. Txostena abuztuan iritsi zen Udalera, eta horren kontrako alegazioa jartzea erabaki zen. Mikel Biain alkateak azaldu zuenez, txostenean orokortasuna nagusi da; ez du jasotzen handitzeak inguruko fauna edota floran izan dezakeen eragina, ezta ur baliabideen gaineko azterketarik ere eta ez dago eginda horrelako proiektuak egin ohi diren eskalan. Gainera, aipatu txostena inon ez dagoela eskuragarri salatu zuen iraileko Osoko Bilkuran. Udalak, biologo baten laguntzaz enpresak aurkeztu duen txostenaren aurkako alegazioak prestatu ditu.

  Era berean, eta herritarrak informatze aldera, bilera irekia antolatu du Udalak datorren astearterako. Bilera, udaletxeko areto nagusian egingo da 19.00tatik aurrera.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!