Arantzazuko Artzain eskolan 2018-2019 ikasturtea abian da pasa den astelehenetik

2018/10/10
9 ikaslek osatzen dute aurtengo taldea

  Urria hastearekin batera hasi zen Arantzazuko Artzain eskolan 22. ikasturtea. Urte hauetan zehar eskolaren eskaintza egokitzen joan da eta 2014an hasitako bideari jarraituz, Euskal Herri bertako ikasleei eta dagoeneko artaldea dutenei, edo artaldea hartzeko aukera handia dutenei, lehentasuna eman zaie. Hala, Gipuzkoa, Nafarroa, eta Bizkaiko 9 ikaslek ekin diote 2018-2019 ikasturteari. Aipagarria da, Bizkaitik etorritako bat jatorriz afrikarra, Ghanakoa dela baina hiru urte daramatzala jada Euskal Herrian.

  Artzain eskolako ikasleek, bost hilabeteetan zehar, artzain langintzan aritzeko hainbat ikastaro egingo dituzte. Guztira, 839 orduko ikasturtea izango da, teoria eta praktika landuz. Ekintzailetasunari ere garrantzia berezia ematen diote Artzain eskolan eta modulu ezberdinetan banatuta ekintzailetasunari buruzko 24 ordu osatuko dira. Coatching saioak ere partekatu dira konpetentzia pertsonalak ezagutu eta garatu ahal izateko.

  Bazka ekoizpena, artaldearen zainketa neurriak, larreen aprobetxamendua, gazta eta bestelako produktuen kalitatea eta merkaturatzea eta ardi esplotazio baten gestiorako hainbat gai jorratuko dituzte. Artzain eskolak hasieratik planteatu zituen helburu nagusiei eusten die, hau da, artzain berrien heziketa integrala bultzatzeari, tradizioak erakutsitakoa gorde eta aldi berean produktibitatea hobetzeko eskura dauden ezagutza eta teknologia berriak eskainiz. Beti ere, ingurugiroa eta garapen jasangarria zainduz. Teoria praktikarekin tartekatzen da eta praktika horiek lanean urteak daramatzaten artzainekin egiten dira.

  Urriaren 1ean hasi zen 2018-2019 ikasturtea otsailaren 27an bukatuko da. Gauzak ondo, kurtsoa hasi duten 9 ikaslek osatuko dute eskolatik irteten den 22. promozioa .

Iturria: Oñati Irratia

21. promozioko ikasle taldea