Arantzazu eta Oñati arteko autobus zerbitzua indartu egingo da ostiralean

2016/09/07
Zerbitzua ordu-erdiro irtengo da gora eta behera eta 10.00etatik 14.00etara hirugarren autobus bat jarriko da

  Orain 5 urte bezala, Arantzazuko Amaren eguna jaiegun ofiziala izango da Gipuzkoa osoan. Horrek, bisitari gehiago erakarri ditzakeela eta, Oñati eta Arantzazu arteko autobus zerbitzua bereziki indartzea erabaki du Oñatiko Garapen eta Turismo Agentziak, ohi duenez. Egun osoan zehar bi autobus handi ibiliko dira gora eta behera, eta 10.00tatik 14.00ak arte hirugarren bat ere sartuko da zerbitzuan. Horrela, ordu erdiro izango diren autobusak, arintzea lortu nahi da. Goizeko ordu nagusitan, minutu gutxi batzuen gora beherak egon daitezkeela adierazi dute arduradunek. Horregatik, lasaitasuna eta pazientzia eskatu dute. Arantzazuko Amaren egunean ohikoa denez, gainera, autobusek 5 geltoki izango dituzte: Olakua, Kalegoiena, Postetxea eta benediktinen aurrealdean eta Arantzazun.

  Ostiralean Gipuzkoa osoko jendea etortzea espero da. Bide segurtasun protokoloa zehazteko asmoz, udaltzain-burua  Ertzaintzarekin harremanetan jarri da. Arantzazuko aparkalekutik kanpora autorik utzi ez dadin bereziki zainduko da eta aparkaleku plazak betetzen direnean, errepidea itxi egingo da, jendea autobusetara bideratuz. Santutegira iristeko bide bakarra autobusa izango da beraz, baldin eta inguruko aparkalekua guztiz betetzen bada.
Herritarrak, ostiralean bereziki indartuko den autobus zerbitzu publikoa erabiltzera animatzen ditu Udalak. Arantzazuko Amaren egunean zerbitzua indartzen den arren, txartelaren prezioa betikoa izango da: 70 zentimo bidaiako.

Iturria: Oñati Irratia

Agintariei agurra iazko irailaren 9an