Arantzazu Afrikarekiko topaleku bihurtuko da larunbatean

2016/06/01
Gizarteari Afrika ikusi eta gerturaraztea da urtero egiten diren jardunaldion helburua

  TAU Fundazioak eta Arantzazuko Adiskideen elkarteak, Nafarroako Afrika Behar Beharrezkoa erakundearen laguntzarekin antolatu dute larunbateko jardunaldia. Arantzazu Afrikarekiko topaleku, 10.30etan hasiko da eta 18.00ak arte luzatuko da. Zinema, argazkigintza eta musikaren bitartez, Afrikaren errealitatea ikuspuntu zabal batetik ezagutarazi nahi da. Horretarako, prestatu diren ekintzen abiapuntu metodologikoa entzun, ikusi, ezagutu eta partekatzea da. Modu honetan, hain gertu eta, aldi berean, hain urrun dagoen kontinentea ezagutu ahal izango da. Era berean,  Europa eta Afrika artean dagoen desberdintasun-egoera aldatzeko borondatea duen kontzientzia soziala areagotu nahi da.

  Jardunaldiak, zinearen haritik hasiko dira. Kenya eta Hegoafrikako bi filme pantailaratuko dira eta ondoren, solasaldia izango da. TAHARUKI laburmetrai kenyarra eta COLD HARBOUR luzemetraia hegoafrikarra emango dira. Aurkezpenean eta ondorengo solasaldiak, filme luzeko zuzendaria den Carey Mckenzik eta Beatriz Leal Riesgok, afrikar zinemagintza aditua denak berba egingo dute. 

  Eguerdian, bazkaltzeko tartea hartuko da. Jardunaldien antolatzaileek talde bazkaria antolatu dute Arantzazu Santutegia Hotelean, baina otordua, norbere kontura egiteko aukera ere badago. Arratsaldean berriz, argazki erakusketa eta bisita gidatua izango da Alfons Rodriguez Bartzelonako argazkilari-kazetariaren eskutik. AFRIKAK: JENDEAK, LURRAK ETA ERREALITATEAK izeneko erakusketa, Gandiaga Topaguneko hall-ean kokatuko da. 40 argazkiz osatutako erakusketa adierazkor honen inguruko azalpenak emango ditu Alfons Rodriguezek. Eta amaitzeko, Enekora kontzertu ikuskizuna izango da, kora, Afrikako harpa berezia eta zuzenean nahasturiko proiekzio bisuala uztartuz, kontzertua eskainiko du Eneko Larrañagak.

  Arantzazu, Afrikarekiko topaleku jardunaldiak irekiak dira baina lekua prestatzeko, parte hartzeko interesa dutenei aurrez jakinaraztea eskatzen zaie, horretarako, Tau Fundazioko telefono zenbaki honetara deitu behar da:
943 289 956. Bazkarira joan asmo dutenek, izena, ostirala baino lehen eman behar dute.

Iturria: Oñati Irratia