Arantzazu Afrikarekiko topaleku bihurtuko da berriro ekainaren 7an.

2014/05/20
TAU Fundazioak eta Arantzazuko Adiskideak elkarteak, egun osoko egitaraua antolatu dute Afrikako emakumeak oinarri hartuta.

  Afrika ikusarazi eta gerturarazteko sentsibilizazio eta kontzientziazio ekintzak ez dira berriak Arantzazun. Tau Fundazioak urteak daramatza halako egitarau berezia antolatzen. Hasieran, aste oso bateko arratsaldetako jardunaldiak izan zirenak egokitzen joan dira eta une honetan, egun bakarreko egitarau trinkoa bihurtu da. Aurtengo zita eguna, ekainaren 7a izango da.

  Gaiak ere, egoera eta gaurkotasunaren arabera moldatuz joan dira eta aurten, emakumeen gaia aukeratu da eta Afrikako emakumearen hamarkada, 2010-2020 izango da aldarrikapen nagusia.

  Zinea eta ikus-entzunezkoak oinarri hartuta osatu da ekainaren 7rako egitaraua. Hala, goizeko 10.30tan, SUBIRA laburmetraia pantailaratuko da. 11urteko neskatu musulmandarra da Subira. Bere anaiaren askatasunarekin amets egiten du baina amak, tradizioekin jarrai dezan bultzatzen du. Laburmetraia ikusi ondoren, “Afrikako komunikabideak eta genero berdintasuna” izaneko hitzaldia emango du Mryan del Moral, Granadako unibertsitateko ikertzaileak. Goizeko ekintzak, “emakumeak begira” argazki erakusketara egingo den bisita gidatuaz osatuko dira. Erakusketa honetan, Gineako 8 emakumek egindako argazkiak biltzen dira.

  Bazkalostean berriz, “Gure atzerritarra” izeneko filmaren emanaldia izango da ondorengo elkarrizketarako oinarria. Filmak, aita hil ondoren Paris utzi eta Burkina-Fasora ama bila itzultzen den gazte mestizo baten istorioa kontatzen du. Filma ikusita, Fadhila Mammar filologo tunisiarrarekin elkarrizketa egingo da.

  Arantzazun, ekainaren 7an egingo den egitarau hau osatuz, herrigunean bertan, kultur etxean, argazki erakusketa ere jarriko da ekainaren 2tik 15era. “Afrika behar beharrezkoa” Nafarroan bizi den afrikar kolektiboaren lanak ikusgai jarriko dira.

  Arantzazu Afrikarekiko Topaleku jardunaldi hauetan parte hartu ahal izateko, izena eman behar da Tau Fundaziora telefonoz deituta: 943 28 99 56 zenbakira. Horretarako azken eguna ekainaren 3a izango da.

Iturria: Oñati irratia

Irudia: http://www.taufundazioa.org/