Apirilaren 16tik 22rako astea, zero zabor astea izango da Debagoienean.

2012/04/13
Eskualdeko herri guztietan izango dira hitzaldi, dokumental emanaldi eta bestelako ekintzak.

   Debagoieneko zero zabor taldeak halako ekintza aste berezia antolatuta, “Zero Zabor” filosofia bailarako herri guztietan ezagutzera ematea izan baitu helburu. Zero zabor filosofia, hondakinen arazoa edota erraustegiaren atzean zer dagoen.

  Horretarako apirilaren 16tik 22ra bitartean, hitzaldi, irteera eta dokumental emanaldiak antolatu dituzte. Tartean, Debagoieneko Zero Zabor taldeak berak egin duen “Erraustegiari ateak ixten” izeneko dokumentala aurkezteko dute. Datorren eguaztenean, apirilaren 18an, hemen Oñatin, kultur etxean izango da dokumentalaren estreinako emanaldi hori. Ostiralean berriz, Elgetan ikusi ahal izango da.

  Baina aipatu dokumental aurkezpena ez da izango zero zabor aste honen baitan Oñatin egingo den ekitaldi bakarra, ostiralean, hilaren 20an, hitzaldia ere izango baita. Pello Zubiriak “atez atekoa, 5. edukiontzia... norena da birziklatzeko ardura” hitzaldia emango du, hau ere, kultura etxean.

  Aurrez, astelehenean bertan Eskoriatzan, atez atekoaren aurrean komunikabideek izan duten jokaeraren azterketa egingo da, asteartean Bergaran, atez ateko bilketa sistemak erraustegiarekiko dituen abantailez berba egingo da, eguaztenean Arrasaten, “valorando la valorizacion energetica” izeneko hitzaldi emango da eta ostegunean, Aretxabaletan, “zaborrak guk sortu, guk kudeatu” hitzaldia eskainiko da.
Astelehenetik ostiralerako programazioa osatuz, “Etorkizuna erraustuz, el sucio negocio de la incineración en Sakana” dokumentala, Arrasaten eta Aretxabaletan pantailaratuko da.

  Zapaturako berriz, jai giroko eguna antolatu dute egun osoko egitarauarekin. Goizean Bergaratik Antzuolara oinez joango dira atez ateko sistema bertatik bertara ikusteko. Gero bazkari herrikoia izango da Bergaran eta bazkalostean kantaldia. Arratsaldeko seietan aldarrikapen- kalejira egingo da eta amaitzeko, gauean kontzertuak izango dira Bergarako gaztetxean. Bazkarirako txartelak dagoeneko salgai daude, hemen Oñatin plazako Oñati tabernan eskuratu daitezke 8 eurotan.

  Zero zabor astea osatuz, azkenik, domekan, Gipuzkoako hainbat herritara irteera egingo da, Zero Zabor filosofia atez atekoa baino askoz gehiago dela erakusteko helburuarekin. Billabona, Usurbil eta Hernani bixitatuko dira eta martxan diren hainbat eredu praktiko ezagutuko dira, hara nola, ontziratu gabeko produktuak “a granel” saltzen dituzten dendak, esne makinak, pañal berrerabilgarriak, harategi edo arrandegietan tupperraren erabilera edo ogitartekoak batzeko zorroak.