Antixeneko Gaztetxearen hirugarren urteurrena ospatzeko aste beteko ekitaldi sorta antolatu da

2015/09/07
Card image cap
Orain 10 urte bota zen Kasablankako gaztetxea eta aurretik Olaitturrin izan zena gogoan hartuko dira

  3 hamarkada indixuana itten izenpean ospatuko da aste honetarako antolatu den urteurren egitaraua. Erakusketa, hitzaldiak, mural margotzea eta zapatuan, hirugarren urteurreneko bazkari eta kontzertuak izango dira, besteak beste.

  Oñatin azken 30 urteetan izan diren okupazio ezberdinak iruditan bildu dira gaur arratsaldean irekiko den argazki erakusketarako. Gaur hasi eta domekara bitartean Oñatiko gaztetxe eta okupazio ezberdinak erakusketa Antixeneko Gaztetxean ikusgai izango da arratsaldeko 18.00etatik 20.00tara. Bihar berriz, Olaitturriko lehen gaztetxean bereziki baina baita ondoren izan direnetan ere parte hartu zuen Xolonporen omenez mural margoketa egingo da. Asteazkenean, 88ko kintto neska eta intsumisoekin solasaldia antolatu da arratsaldeko 18.00etarako eta ostegunean, pintxo-potearekin bat eginez, Kasablankako gaztetxearen aldeko pintxotopa iragarri da.

  Zapaturako egun osoko egitaraua antolatu da. Goizeko 11.00etan eta Antixeneko parketik abiatuta, Oñatin egon diren gaztetxe eta okupatutako eraikin ezberdinetatik barrena bizikleta irteera egingo da. Eguerdian, 30 urte hauetan zehar herrian izan ziren gazte asanbladen arteko mahaingurua egingo da eta ondoren, Xolonporen omenezko bideo emanaldia eskainiko da. 14.30tan, gazte bazkaria. Horretarako txartelak, dagoeneko salgai daude Ona, Arrano eta Boga tabernetan, langabetuentzat 5 €tan  eta landunentzat, 8 €tan. Bertso musikatuak izango dira bazkal ostean eta musika gehiago arratsaldeko 19.00etatik aurrera, kontzertuak hasiko baitira. Zuen azkena! eta Lokuria taldeekin batera Des-kontrolen bertsioak eta Kasablankako gaztetxetik sorpresa iragartzen dira kartelean.

  Domekan azkenik, ospakizun asteari amaiera emateko, 4 urtez ametsak eraikitzen dokumentalaren emanaldia izango da arratsaldeko 7.30tan hasita.

  Ekintza guztiak, Antixeneko Gaztetxean egingo dira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!