Antixenako ostalaritza eskola zena behin behineko izaeraz Udalari lagaz, Mondragon Unibertsitateak eta Udalak hitzarmena sinatu dute.

2012/09/19
Hitzarmenean, eraikinaren erabilera hirugarren bati edo talde bati lagatzeko aukera jasotzen da.

  Udala eta Mondragon Unibertsitatearen arteko hitzarmen honen edukiaren berri osteguneko gobernu batzarrean eman zen eta taldearen onespenez ostiralean bertan sinatu zen.

  Udala eta Mondragon goi eskola politeknikoa harremanetan zeuden unibertsitateak hutsik eta erabilerarik gabe utzia zuen Antixenako eraikinaren etorkizuna adosteko. Jakinik, hau lur publikoan jaso zela eta eraikina, hasieran jatetxe erabilerarako eta ondoren etengabeko formazioa ematera lotuta zegoela. Hala zehazten zen udalak eta Mondragon unibertsitateak 1991an eta 2000. urtean sinatu zuten hitzarmenetan.
Tartean, dakizuenez Gazte asanbladak eraikina okupatu zuen eta Mondragon Unibertsitateak bertan sortu zitezkeen kalte edo istripuen erantzukizun izateari uko egin zion. Arazoa konpontzeko asmoz, behin behineko lagapen hitzarmena sinatu du udalarekin.

  Hitzarmen idatziak garbi adierazten da Mondragon Unibertsitatea eraikinean gerta daitekeen edozein motatako erantzukizunetik at, libre, geratzen dela , baita egun gazteek eman diezaioketen erabilera berriaren ondorioz gerta daitezkeen istripuen erantzukizunetik ere. Dokumentuaren arabera, udalak bere gain hartzen du aipatu erantzukizuna. Aldi berean, sortu daitezkeen gastu guztiak ere, argia dela, ura edo bestelako hornidura gastuak ere, udalaren kontura izango direla zehazten da.

  Lagapena doan egin da, alegia, eraikina erabiltzearen truke udalak ez du inolako errentarik ordainduko.
Azken puntuan berriz, titularrean aurreratu bezala eraikina hirugarren bati edota talderen bati lagatzeko aukera ematen zaio udalari.

  Udala eta Mondragon Unibertsitatearen arteak behin-behineko hitzarmen hau sinatuta, udalak orain, antzerako zerbait egin nahi du eraikina okupatu duten gazteekin. Izan ere, hiru aldeek aurrez egin zuten bilera bateratuan gazteak sortu daitezkeen kalte edo istripuen erantzukizuna bere gain hartzeko gertu azaldu baitziren. Argia, ura eta bestelako gastuen ordainketa nola eta nork egin ere argitu beharko da. Udala eta gazteen arteko bilera horretarako egunik ez da zehaztu oraindik.

  Udal gobernu taldeak ostalaritza eskola izan zen eraikinaren etorkizuneko erabilpenaz beste asmo batzuk zituen arren, ez du gaizki ikusten gazteen autogestio gune bihurtzea. Beti ere ondo kudeatu ezkero eta arazorik sortzen ez bada.

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!